Paperean utzitakoak, kantatzeko jasoak
Xanti Zabala 'Lexo' bertsolaria zenaren omeneko kantaldia jasoko du larunbatean Itsas Etxeak, Txingudi Bertso Eskolak antolatuta.
Txingudi Bertso Eskolak Xanti Zabala Lexo bertsolaria zenaren omeneko kantaldia antolatu du larunbaterako, hilaren 16rako. Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean egingo dute, 19:00etan (ateak 18:30ean irekiko dituzte), eta bertaratzea dohainik izango da. Bertso eskolako bertso tailerrak prestatu du ekitaldia, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren eta Hondarribiko udalaren laguntzarekin. Emanaldiaren alde artistikoa, Irunabar Irungo Bertsoaren Bilguneak hartu du bere gain.
Gaur goizean aurkeztu dute kantaldia partzuergoaren egoitzan, Irungo Ducourau jauregian. Bertan izan dira Abel Zabala bertsolaria eta Lexo-ren semea, Aitor Errazkin Irunabarreko kidea, eta Irungo eta Hondarribiko Euskara arloko zinegotziak, Monica Martinez eta Arantxa Berrotaran.
2003an sortu zen Txingudi Bertso Eskola, partzuergoaren eskutik. Ordutik eskolaren jarduera eta partaide kopurua hazi baino ez dela egin nabarmendu du Berrotaranek. “Lehen urteetan bertso eskola hiru taldez osaturik egon zen, eta 2014an bi talde berri sortu ziren. Egun bost talde horiek mantentzen dira eta Irunen, Hondarribian eta Hendaian bertsolaritza sasoi onean aurkitzen dela esan dezakegu”. Lexoren omeneko kantaldia izango da, Berrotaranen hitzetan, 2019an Txingudi Bertso Eskolak antolatuko duen ekitaldi nagusia.
Martinezek aurreratu duenez, “zenbait bertsolarik musikaz lagunduriko bertsoak sortuko dituzte” emanaldian zehar. Horrez gain, proiekzioak ere izango dira. Orotara, 35 bat lagunek parte hartuko dute kantaldian, “aurkezleak, bertsolariak, musikariak, kantariak, eta teknikariak”.
Lezon 1942an jaioa, Irunen bizi izan zen, eta bertan hil zen 2012an; Hondarribiarekin harreman handia zuen Xanti Zabalak. Abel semeak laburtu du haren bertsolari ibilbidea. Bai bat-batekoan baita bertso idatzietan ere “lan eskerga” egin zuela adierazi du, eta hainbat txapelketetan nagusitu zela. Hala, 1967an Zepai saria irabazi zuen eta 1967ko Gipuzkoako Bertsolaritza Txapelketako finalean kantatu zuen. Plazaz plaza asko ez zen ibili, “eskualdean batez ere” ibili zen, baina garaiko bertsolari handiekin abestu zuela gaineratu du Zabalak. Paperean, aldiz, asko eta asko idatzi zuen: “Lehenengoa 20 urterekin idatzi zuen, eta azkena 2009an, ia 50 urteko jarduna”.
Errazkinek eman ditu Itsas Etxeko ekitaldiari buruzko xehetasunak. Ordu eta erdi inguruko ekitaldia izango dela zehaztu du: “Kantaldiaren formatura hurbiltzen saiatu gara”. Irunabarreko kidea izateaz gain, bertso tailerreko partaidea ere da Errazkin, eta kantaldia antolatzeak “lan handia” eman diela onartu du: “Zailtasun nagusia aukeraketa izan da”.
Izan ere, Lexok 150tik gora bertso sorta idatzita utzi zituela nabarmendu dute gaurko aurkezpenean. Bertso horietatik gehienak Auspoa bildumako Udaberriz liburuan jaso zituzten 2013an, eta argitarapen horretan batez ere oinarritu dira hautaketa prozesurako.
Plazetan ibilitakoa, paperean asko eta asko idatzitakoa, Lezotik Hondarribiraino oso estimatua. Bi urte eta erdiz Txingudi Bertso Eskolako kidea ere izan zen, eta egin diezaioketen omenaldi politena egingo diote larunbatean eskualdeko bertsozaleek. Xanti Zabala Lexo-k paperean utzitako bertsoak entzungo dira larunbatean Hondarribiko Itsas Etxean.