Pentsiodunak kalera beste behin, "guztien eskubideak defendatzera"
Manifestazioa antolatu du Txingudiko Pentsiodunen Mugimenduak datorren hilaren 30erako, Irunen.
Txingudiko Pentsiodunen Mugimenduak manifestazioa antolatu du datorren hilaren 30erako (larunbata) Irunen. “Guztien eskubideak defendatzen” lelopean abiatuko dira San Juan plazatik. Ordua oraindik zehazteke dago.
Gaur eta etorkizuneko pentsio publikoen defentsan aterako dira kalera. “Lana eta soldata duin bat izatea, emakume eta gizonen arteko lansaria berdina izatea eta gazteei etorkizunerako itxaropena sortzea”, hori dute helburu. Horretarako, herritar orori luzatu diote manifestazioan parte hartzeko deialdia. “Ez da pentsio duinak defendatzen eta besteek horretan laguntzea, baizik eta, elkarren artean guztien eskubideak defendatzea”.
Politika bidezko eta zuzen baten aldeko apustua egin dute pentsiodunek, oinarrizko eskubide guztiak bermatuak egon arte. Orain arte kendu eta lapurtutako eskubideak berreskuratzeko oihua egin dute mugimendutik. “Horretan datza gure eta gure atzetik datozen belaunaldien etorkizuna ere”.