Ainara Elizondo eta Naroa Carrera, Asun Casasola ipuin lehiaketaren irabazleak
Hondarribiar eta errenteriar batek irabazi dute euskarazko lanik onenaren saria. Ostegunean egingo dute sari banaketa, Bronte liburudendan.
Asun Casasola ipuin lehiaketaren laugarren edizioak baditu irabazleak. Ainara Elizondo hondarribiarra (helduen kategorian) eta Naroa Carrera errenteriarra (gazteen kategorian) izan dira aurtengo sarituak. Haiekin batera, Juncal Baeza madrildarrak eta Alessandra Bedoya jaendarrak gaztelerazko lan onenaren saria eskuratu dute.
Hondarribiarrak ‘Lau hizki’ lanarekin irabazi du sariketa; errenteriarrak berriz, ‘Urte luzeen amaiera’ lanarekin. Aurtengo edizioan, orotara, 328 ipuin bildu dituzte antolatzaileek, orain arteko parte hartzerik handiena izan da. Lan gehienak Euskal Herritik iritsi arren, Espainiako Estatu osotik jaso dituzte. “2018a inflexio puntua izan da indarkeria matxistaren aurkako borrokari dagokionean. Argi geratu zen hori martxoaren 8ko protestetan, jendarteak, nazkatuta, bere egin zuen ‘nik sinisten zaitut’ leloa”. Aurten ere, hori izan da lehiaketaren lelo nagusia.
Aurtengo epaimahaia emakumez osatuta egon da bere osotasunean. Guztiek literaturekin edo feminismoarekin harreman zuzena dutela diote antolatzaileek, eta gehienak aurreko edizioetan epaimahaiak izandakoak direla.
Sari banaketaren ekitaldia datorren ostegunean (hilak 14) egingo dute, Irungo Bronte liburudendan, 19:00etan. Bertan, ipuin irabazleak irakurriko dituzte, eta irabazleekin batera Asun Casasola izango da.