[GALERIA] Gaur morea izan da Hondarribiaren kolorea
Milaka eta milaka, Hondarribiko Portu auzoak gainezka egiteraino. Goizekoa izugarria izan bada, iluntzekoa ez da atzean geratu. Milaka eta milaka izan dira Irundik zetorren martxa feministan eta, ondoren, Puntaleko biribilgunean hasi den manifestazioan bildu diren bidasoarrak.
Jendetza izugarria irten da San Juan de Dios plazatik. Zazpiak eta bostetan zeharkatu du burualdeak Santa Mariako arkua, eta minutu asko pasatu dira azken lerroak Kale Nagusira sartu aurretik. Alde Zaharra alderik alde egin eta gero Portura jaitsi da marea morea. Arrantzale Auzoan bukatu da mobilizazioa, San Pedro kalea jendez beteta zegoelarik.
Manifestariek zabaldutako leloen artean ‘Gora borroka feminista’ izan da gehien entzun dena, baita ‘Emakumeak Alardean’ ere.