"Denda itxita bazegoen, etxera etortzen ziren"
Emekik urtero herriko emakume bat omentzen du. Aurten Amparo Olazabal aukeratu dute, ia 50 urtez Madalen karrikako denda txikiko saltzaile izandakoa.
Hiru urte dira Hondarribiko Santiago auzoko azken denda txikiak betirako itxi zuela. Azkar berritu dute lokala, baita egurrezko atea kendu eta metalezko itsusi bat jarri ere. Arrastorik ez dendaren izena zeraman estalpearena, baina hondarribiarren oroimenean Amparoren denda izaten jarraituko du beti. Emeki elkarteak urtero Hondarribiko emakume bat aintzat hartzen du, eta aurten Amparo Olazabal aukeratu dute. Etzi eguerdian omenduko dute 49 urtez Madalen karrikako 4 zenbakiko dendako saltzailea izan zena.
Nola jakin zenuen aurten zu izango zinela omendua?
Emekikoak etorri ziren galdetzera ea omendua izan nahi nuen, baimena eskatzera etorri ziren. Madalen karrikan geratu ginen, ez nekien zertarako zen, pentsatu nuen zerbait, baina ez nekien zer izango ote zen. Eta gero esan zidaten hori, nola urtero egiten dioten emakume bati omenaldi bat eta nola aurten niri egitea pentsatu duten.
Eta, nola hartu zenuen?
Ui! Sorpresa hartu nuen, urduri jarri nintzen. Esan nien, ‘bueno, pentsatu behar dut pixka bat, de sorpresa harrapatu nauzue’. Baina, bueno, baietz esan nien gero. Oraindik urduri nago, pozik ere bai noski, gauza on bat da ez nuena sekula pentsatzen gertatuko zitzaidanik, ametsetan ere ez nuen pentsatzen omenaldi bat egingo zidatenik. Nire inguruan bada jende asko gauza onak egiten dituena, eta nik baino merezimendu gehiago duena. Baina, bueno, baita ere iruditzen zait bat bizirik dagoela gauzak egiten, eta oso gauza polita iruditzen zait hori errekonozitzea.
Igande eguerdian da ekitaldia, Emekiren egoitzan, Puntaleko eskola zaharrean. Trikitilariak, txalapartariak, herritar asko, bertsolari bat zuri buruz kantari… Badakizu nolako ekitaldia izaten den, ez?
Bai, gustatzen zait joatea. Urte batean ezin izan nuen, baina beste guztietan egon naiz. Ideia polita da, eta beste urteetan omendu dituzten emakumeek merezi zuten.
Omenaldiak badu gauza bat txarra, diskurtsoa prestatu behar duzula. Hasi al zara?
[Barrez] Inprobisatuko dut, batez ere eskerrak emateko. Hainbeste urte egonda dendan jendearekin harremanean, kostatzen zait pixka bat, ez dakit nola esan, beldurra edo ematen dit.
Nori zuzenduko diozu esker-emate hori. Zerbait aurreratu dezakezu?
Ba lehenbizi Emekiri, elkarteari, eta nola den Emakumearen Astea, ba emakume denei. Ez daudenei ere omenaldi txiki bat egin nahiko nieke, eta daudenei esan segitu behar dugula borroka honetan. Ez da erraza izango, baina emakumeon borrokan aurrera egin behar da, ez dago beste biderik.
Zure ustez, zer egin duzu omenaldi hori merezitzeko?
Ez dakit. Emekikoek esan dute dendan hainbeste urte egoteagatik, beti lan berean, beti pozik egoten nintzela… Egia esan ni beti gustura egon naiz lanean, zorte handia izan dut, horretan lan egitea beti gustatu zaidalako. Baina ez dakit, lehen zuri esan dizudana esan nien beraiei ere, badirela nik baino meritu gehiago duten emakume asko. Baina beraiek uste badute nik merezi dudala, ba kontent.
Beti pozik zinela esan du Emekik. Ez da gezurra.
On asko egin dit dendak niri. Oso lan polita zen, txikitatik gustatzen zitzaidan, zorte hori izan dut, jende guztiak ez du izaten aukera hori. Nik egin dut niri gustatzen zitzaidan lana, eta gainera oso gustura. Txikitan beti jolasten nuen dendarietara.
Bederatzi urtez saltzaile izan nintzen, denda nik hartu aurretik, eta gogoratzen naiz nola ostiraletan paketeak prestatzen ibiltzen nintzen, librakoak eta kilokoak, babarrunak, garbantzuak, azukrea… Orduan ez zen orain bezala, dena zen ‘a granel’. Dena ontziratu gabe zegoen, orduan egin behar zen prestatu ostiralean. Aste osoan, astelehenetik ostiralera normal, eta larunbatean gehixo saltzen zen, larunbat goizean. Gero larunbat arratsaldean itxia egoten zen denda, igandean berriz irekitzeko.
Denda txikia zen oso, baina eskasa ez.
Bazen denetarik. Janariak, etxeko produktuak, fruta… Denetarik. Ohitura nuen gainera, ez nuen zerbait eskatzen bazidaten, apuntatu eta handik egun batzuetara ekartzen nuen. Ahal bazen jendeari eskaini zegoen guztia, hori egiten nuen.
Orain txinatarren dendek duten ordutegia zuk izan zenuen urte askoz, astelehenetik igandera eta goizetik gauera irekita.
Bai, bai, nahiko luze, baina gustura. Azken urteetan igandetan ixten hasi nintzen, baina ordura arte hala zen. Gero, Madalen karrikako 2 zenbakian bizi naiz ni, eta denda 4an zegoen. Orduan ez zegoen supermerkatu handirik eta, denda itxita bazegoen, jendea etxera etortzen zitzaidan. Igual bazkaltzen nengoen eta ate joka; eta jaisten nintzen irekitzera. Edo ixteko momentuan, ‘a, ja itxi duzu?’, edo ‘ixten ari zara?’. Eta nik, ‘lasai, sartu’, eta gero berriz garbitu. Gaur horrelakorik ez dago, itxita baldin badago, itxita dago eta kitto.
Baina noizbait itxiko zenuen?
Bai, larunbat arratsaldetan eta, zenbait jaietan, igual bi jai egun baziren, bat itxi eta bestea ireki. Horrela egiten nuen. Oporrak urtero ez nituen hartzen, noizean behinka bai, baina urtero ez. Urte batzuetan nire amak lan izan zuen nirekin, gero ja ezin zuen, ez zegoelako ondo, eta ni bakarrik geratu nintzen. Baina tarteka Milagrosek edo Joaquinek laguntzen zidaten, auzoko senar-emazte bat. Eta oporretan joaten nintzenean beraiek laguntzen zidaten, ez nuelako denda ixten.
Gaixotu ere egingo zinen noizbait…
Bai, orduan ere laguntzen zidaten Milagrosek eta Joaquinek. Behin ebakuntza bat izan nuen, eta beraiek lagundu zidaten, orduan Joaquin ja jubilatuta zegoen, eta laguntzeko aukera zuten.
Denda ia beti irekia, horrelako zerbitzuarekin zaila da bezeroak kontent ez egotea, ez?
Horretan nik uste ez dutela kexarik izango. Baina bueno, beti egoten dira gauzak, eta hemendik aprobetxatu nahiko nuke esateko, noizbait zerbait egin badut, behin ere gaizki portatu banintzen, barkatzeko. Badakizu, batzuetan gauzak esaten dira, edo egiten dira.
Eta niregana etorri izan diren guztiei, eskerrik asko, horretaz bizitu naizelako, hori izan delako nire lana eta hortik atera dudalako eguneroko ogia. Izan ziren urte nahiko kaxkarrak, baina azken urteak bastante ondo joan ziren. Eta 2015ean, ez dakit azken urtea zelako edo zergatik, izan zen uda bat zoragarria, saldu nuen pila bat [keinua eginez]. Hori ere omenaldi bat izan zela uste dut nik. Kontuan eduki, gainera, genero asko ez nuela, ez nuelako gehiago ekartzen, denda itxi behar nuelako. Baina pila bat saldu nuen uda hartan.
Nola gogoratzen duzu denda ireki zenuen azken eguna?
Apirilean posible nuen itxi, apirilean egiten nituelako 65 urte. Baina dendarien patroia San Migel da, eta San Migel Egunean ixtea pentsatu nuen, irailaren 29an. Horregatik ireki nuen uda horretan ere. Eta oso polita izan zen, hain ondo bukatzea, hainbeste jende etortzea erostera.
Festa txiki bat eman nuen, anaiak eta koinatak lagundu zidaten dena prestatzen, jendea etorri zen, eta hor egon ginen blagan [berriketan, Hondarribiko euskaran]. Oraindik etortzen da jendea, hiru urte eta gero. Eta udan ere, beraneanteak ere, ‘ze pena itxi duzula’ esaten. Baina aprobetxatzeko ere esaten didate, lan asko egin dudala eta merezi dudala.
Bezero asko lagun ere izango zenituen…
Bai, bai. Egun hauetan aldiro geratzen naute zoriontzeko. Jende askok. Batzuk umeekin etortzen dira beraiei esanez ‘begira, hau Amparo da, txikia nintzenean bokadiloa prestatzen zidan’. Umeak asko maite izan ditut beti. Abenduaren 24an, adibidez, Gabon kantak abestera etortzen zirenerako ‘sugus’ pakete handi bat prestatzen nien beti. Abestu eta gero sugusak eta txikitoa, dirua banatzen nien.
[Isilik geratu da] Orain beti bezero bat ikusten dudanean berarekin geratzen naiz hizketan. Kosta egin zait pixka bat denda ixtea, baina ari naiz poliki-poliki.
Egurrezko atea zegoen lekuan metalezko bat jarri dute. Pena!
Ezta toldo polit hura, ‘marca de la casa’ esaten den bezala, ‘Amparo’ jartzen zuena… Obra egin zutenean, lehenbiziko egunean joan nintzen ikustera, eta damutu egin nintzen [hunkitu egin da]. Obrako langileak esan zidan, ‘nahi duzu ikusi nola egin dugun?’. Sartu eta segituan atera egin nintzen. Berak ez zekien ni nintzela lehengo dendaria.
Zurekin itxi zen Madalen karrikako azken denda txikia.
Bai, ni laugarren belaunaldia izan nintzen. Lehenbizi Irungo matrimonio bat izan zen, orduan neska txikia nintzen ni. Gero Genoveva Amunarriz egon zen, bere atzetik Juana Izagirre, nire etxekoandrea izan zena, berarekin saltzaile bezala egon nintzen bederatzi urtez. Eta gero ni, laugarrena.
Berrogei urte eman dituzu, eta beste bederatzi saltzaile bezala, 49 urte denda txiki polit horretan lanean.
[Kontuak egin ditu] Bai, 16 urterekin hasi nintzen saltzaile bezala, eta 25ekin denda hartu nuen. Eta kostata, ez nuelako dirurik. Orduan 1.000 pezeta irabazten nituen hilabetean, eta generoa erosi behar zen, denda pixka bat bete behar zen… Prestamua eskatu eta aurrera. Orain esaten da dirurik ez dagoela, baina momentu hartan deus ez zegoen. Etxean ere, zortzi lagun, eta ez zuen ematen. Aita ja hila zegoen. Anaiak eta lan egiten zuten itsasoan… Ez zen erraza izan.
Baten batek pentsatuko du hainbeste lan egin eta gero aberatsa izango zarela, sekulako pentsioa geratuko zitzaizula…
Atzo lagun batekin egon nintzen hori bera komentatzen. Beti eskatzen nuen izatea fakturak ordaintzeko, fakturak ez ordaintzea ematen zidan beldur pila bat. Lanerako ekartzen duzun generoa egin behar da ordaindu, eta horrekin pozik. Bizi naizen etxea dut, ez apartamenturik [barrez], ez garajerik… Ez, ez, egin dut bizitzeko, fakturak ordaindu eta pixka bat geratzea, hori bakarrik.
Zertan ematen duzu orain lehen ez zenuen denbora hori?
Egiten dut ibili, eta asko irakurtzen dut, asko gustatzen zait liburuak irakurtzea. Kanpora ez naiz asko joaten, duela bi urte joan nintzen bainuetxe batera astebetekoz. Ez naiz asko mugitzen, hemen ere hain leku ederra dugu, baina horrek ez du esan nahi kanpora joatea ez zaidanik gustatzen, kanpoan ere badirelako oso gauza politak. Eta askotan oso ondo dator kanpora joatea, txipa aldatzeko.
[Jarraitu du] Zinemara joaten naiz, eta kontzertuetara. Azkena Ricardo Requejoren omeneko kontzertura. Musika asko gustatzen zait. Eta bileretara, eta hitzaldietara… Lehenago ezin nuen, orain bai.
Eta erosketak egitera…
Baita ere, lehen saldu, orain erosi. Lehengo egunean andre batek denda batean esan zidan, ‘ui!, baina zein arraro egiten den zu erosten ikustea’.
Ez zen zentro komertzial batean izango…
Ez, ez, denda txikiak nahiago ditut. Eta ez zait gustatzen denda bat bakarrera joatea, gustatzen zait bi edo hiru lekuetara joan, eta bakoitzari zerbait erosi, eta saltsan ibili. Geroz eta denda txiki gutxiago daude. Gazteria aldatu da, beste modu batera bizi gara, lehen ez zegoen supermerkatu handirik, denak eboluzionatu du beste modu batera, dena enbasatua dator. Eta guk ere, hainbeste gauza ditugu… Lehen askoz gutxiagorekin ondo moldatzen ginen. Orain hainbeste, eta hainbeste plastiko… ez nago horren kontra baina…
Hondarribiarrentzat eskailera mekanikoak jaitsita dagoen ate hori beti izango da Amparoren denda. Emekik igandean prestatu dizun festa bezain polita da hori, ez, herritarrek hainbeste maite zaituztela ikustea?
Bai, oso polita da hori. Oso polita izaten ari da, eskerrak zuoi ere, komunikabideoi, ez nuen uste hainbeste izango zenik. Eta igandekoa ere uste dut izango dela oso polita. Denei eskerrak ematen dizkiet, Emeki elkarteri batez ere, nirekin oroitu delako, baina baita emakumeen borrokan ari diren guztiei. Eta hondarribiarrei igandean etortzeko esan nahi diet, nire diskurtsoa entzutera [barrez], batez ere horretarako.