Goizean martxa, arratsaldean martxa eta manifestazioa
Arratsaldez eskualdeko manifestazioa egingo da Hondarribian, 19:00etan Puntaleko biribilgunetik abiatuta.
Iazkoa gainditu ala ez, historikoa izango da biharko greba deialdia. Historikoa, Hondarribian lehen aldiz eskualde mailako manifestazioa egingo delako. Arratsaldean izango da, 19:00etan Puntaleko biribilgunetik abiatuta (ez Mendelutik). Portuan bukatuko da, 20:00etan gutxi gorabehera, Alde Zaharreko kaleetan barrena ibili eta gero.
Jende asko espero da, Irundik abiatuko den martxa feminista batuko baitzaio Hondarribiko deialdiari. Arratsaldeko 17:30etik abiatuko da martxa Zabaltza plazatik eta, Mendelutik, seiak aldera pasako da. Baina, esan bezala, eskualdeko manifestazioa 19:00etan hasiko da San Juan de Diosen, Puntaleko sarrerako biribilgunean.
Horrek esan nahi du trafiko eragozpenak seietatik aurrera izango direla, ordu horretan hasiko direlako ibiltariak Mendelu zeharkatzen. Jendea iritsi ahala udaltzainek aireportuko errepidea itxiko dute eta Kostako bidea hartu beharko dute ibilgailuek herrira sartzeko.
Goizean, Irunera martxa
Goizeko manifestazioa Irunen egingo da, 12:00etan San Juan plazatik abiatuta. Iaz bezala, Hondarribitik jende asko urreratuko da eta Emeki elkarteak oinez joatea proposatu du. 10:45ean abiatuko dira Puntaleko biribilgunetik.
Manifestazioa eta gero herrira itzuli nahi ez dutenentzat, tupperrada egiteko deialdia egin du Bidasoaldeko Mugimendu Feministak. Ordu biak inguruan bazkalduko dute San Juan plazan.