Hondarribia Martxoaren 8ari begira jarri da

Emeki elkarteak eta Hondarribiko Udalak Emakumearen Astea aurkeztu dute. Ostiral arratsaldean eskualdeko manifestazioa egingo dute Hondarribian
Emakumearen Astearen abiatzearekin, Martxoaren 8ari begira jarri da Hondarribia. Emeki Emakume Elkarteak eta Hondarribiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako departamentuak antolatu dute Emakumearen Astea, eta gaur goizean aurkeztu dute Emekik egoitza duen Puntaleko eskola zaharrean. Bertan izan dira Tamara Sastre eta Ascen Oscoz Emekiko ordezkariak, Arantxa Berrotaran Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia, eta Mailo Virto eta Marije Zapirain Hondarribia-Katsikas elkarteko kideak. Izan ere, ‘Arian Komandantea’ (‘Commander Arian’) dokumentalak itxiko du Emakumearen Astea, eta Hondarribia-Katsikasen eskutik iritsiko da Alba Sotorra zinegile katalanaren lana Itsas Etxera.
Arian Komandantea’-rekin batera, bihar hasiko den Emakumea Artearen Historia hitzaldi zikloa, Aluzineskak ipuin kontaketa, Pike Nike antzezlan laburren emanaldia, edota Bidasoko emakume artisten erakusketa dira Emakumearen Asteko ekitaldi aipagarrietako batzuk. Horiek eta, noski, baita martxoaren 8ko mobilizazioak ere.
8an bi manifestazio
Aurten bi deialdi nagusi egin dira eskualdean, bi manifestazio handi, biak Bidasoaldeko Mugimendu Feministak egindakoak. Goizekoa Irunen egingo da, 12:00etan San Juan plazatik irtenda. Hondarribitik bertara oinez joan nahi duenak 10:45ean du hitzordua Puntaleko eskolan.
Arratsean, berriz, Hondarribian manifestatuko dira, 19:00etan Puntaleko biribilgunetik abiatuta. Lehen aldia izango da Martxoaren 8an Hondarribian manifestazio egiten dena –iaz bilkura inprobidatu bat egin zen-. Jendetza espero da, eskualdeko deialdia delako, eta irundarrek 17:00etan egin dutelako Mendelurantz abiatzeko deialdia.
Egitaraua
Hilak 4, astelehena
- 17:00etatik 19:00etara, Udal Liburutegian. Ekonomia feminista gure gorputzetara hurbiltzen tailerra. Ziklikoki bizitzen Elkartearen eskutik.
Hilak 6, asteazkena
- 18:00etan, Udal Liburutegian. Aluzineskak ipuin kontaketa, 4-9 urte bitarteko haurrentzat. Maite Franko ipuin kontalariaren eskutik.
- 18:00etatik 19:30era, Puntaleko eskolan. Emakumea Artearen Historian zikloko lehen hitzaldia (gaztelaniaz). Maria Jose Noainen eskutik.
Martxoak 8, ostirala
- 10:45ean, Puntaleko eskolan. Irungo manifestaziora joateko elkartzea.
- 19:00etan, Puntaletik abiatuta. Manifestazioa.
- 20:00etan, Itsas Etxea Auditoriumean. Carmen y Lola filma. Sarrerak salgai 4 euroan, Arma Plazan (osteguna arte) eta Interneten.
Hilak 9, larunbata
- 20:00etan, Itsas Etxea Auditoriumean. Pike nike antzezlan laburrak. Sarrerak salgai 3 euroan, Arma Plazan (ostirala arte) eta Interneten.
Hilak 10, igandea
- 12:00etan, Puntaleko eskolan. Amparo Olazabali omenaldia, Puntaleko eskola zaharrean. Urtero emakume bat omentzen du Emekik eta aurten Amparo janaridendako arduradun zena omenduko dute.
- 17:30ean, Itsas Etxea Auditoriumean. Arian Komandantea dokumentalaren proiekzioa. Sarrerak salgai 3 euroan, Arma Plazan (larunbatera arte) eta Interneten. Hondarribia-Katsikas Boluntario taldearen eskutik.
Hilaren 6tik 10era
- Bidasoko Emakume artisten lanen erakusketa. Arma Plaza kultur eta turismo gunean.