Norbere gorputza ezagutzeko
Enara I. Dominguez eta Ione F. Zabaleta irundarrek Ara! Gorputz Elkartea sortu berri dute. Azken urteotan emakumeek euren gorputza hobeto ezagutzeko metodoak jaso dituzte, eta orain horiek elkarbanatzea dute helburu.
Urte askoz feminismoaren gaineko ikerketa lanetan ibili eta dozenaka tailer eskaini ostean, Ara! Gorputz Elkartea sortu berri dute Irungo bi emakumek. Bulba duten pertsonek euren gorputza benetan ezagutzea da Enara I. Dominguez eta Ione F. Zabaletak elkarte berri honekin eskaini nahi duten aukera, Irundik hasita, mezu hori Euskal Herri osora zabaltzeko. Joan den abuztuan eman zuten elkartea sortzeko pausoa, egungo gizarteak, eta oraindik emakume askok euren buruarekiko dituzten aurreiritzi eta tabu horiei aurre egiten hasteko.
Bizilagunak zirela ohartu gabe, Erika Irustak gidatutako komunitate pedagogiko birtual batean egin zuten topo biek. Orain dela hiru urte inguru elkartu zirela kontatu dute, eta ordutik hilekoaren zein ginekologiaren munduan sakontzen ibili direla. «Genitalen eta uteroaren gainean dauden harri ilun horren barruan zer dagoen ikusteko hasi ginen», azaldu du Dominguezek. Eta horretarako, lehen pausoa norbere buruarekin ikerketak egitea izan dela argitu dute. «Oso prozesu organikoa izan da»», azaldu du Zabaletak. Hala, ikerketa sakonak egin ostean, eta gertukoen eskaerei erantzuteko asmoz, tailer espontaneo batzuk egiten hasi ziren. Pixkanaka, «gauza serioagoak» egiteko bidean, forma juridikoa eman zioten talde berriari.
Hasieratik, helburu zehatzak izan dituzte euren ikerketa guztiek. Zabaleta: «Gure ikerketek gure filtro feminista pasatzea eta egungo gizartean dagoen patriarkatu guztia eraldatzea izan dute xede, bai ikerketa eta bai tratamendu medikuetan, emakumeen edo bulba duten gorputzei dagokienez». Gainera, hori guztia herritarrek ulertzeko moduan egitea izan da bien helburu nagusietako bat.
Egun (eta oraindik), oro har, hilekoaren eta ginekologiaren munduan ezjakintasun asko dagoela nabarmendu dute. «Denek begiratzen dugu nola dagoen gure aurpegia egunero, baina genitalitatean iluntasuna dagoela dirudi». Horren aurrean, emakumeek euren gorputzak ezagutu, behatu eta jakintza hori elkartrukatzea da haien asmoa, medikuengan utzitako ardura horren aurrean, burujabetzaren aldeko apustua egiteko. «Gure alternatiba ez da jendea medikuarengana edo ginekologoarengana ez joatea, baizik eta gu gure gorputzaren aditu nagusi bilakatzea, sendatze prozesuan ere protagonistak izatea», zehaztu du Zabaletak.
Tailerrak, «opariak»
Orain arte euren gorputza hobeto ezagutzera gerturatu diren emakumeekin egindako bilkurak «opariak» izan dira bientzat. «Adin tarte ezberdinetako emakumeak biltzen gara, eta guk oraindik bizitu ez ditugun esperientziak partekatzen dituzte, asko ikasten dugu guk ere». Tailerrekin oso gustura ari direla onartu dute, eta edonori luzatu diote parte hartzeko gonbita.
Emakumeen burujabetzaren bide horretan, tankera horretako proiektuetan parte hartzeko garrantzia nabarmendu nahi izan du Zabaletak: «Gure tailerretan edo autoezagutzarekin zerikusia duen edozein sare feministan parte hartzea da zure buruari egin ahal diozun oparirik onena».
Martxoaren 8a iristear da, eta dagoeneko prest daude Ara! Gorputzeko kideak iazko mobilizazio historikoak errepika daitezen laguntzeko. Halere, eguneroko lanean jarri dute garrantzia biek. «Borroka egunero dago, gure bizitzaren ardatzetako bat hori da. Gustatuko litzaiguke gure lana beharrezkoa ez izatea, baina egunero beharko luke izan Martxoaren 8a», gehitu dute.
Tailerretan parte hartzeko edota informazio gehiago jasotzeko interesa dutenek, webgune honetan eskuragarri dute nahi adina xehetasun.