Paseo historikoa, Irungo emakumeen bizitza gertutik ezagutzeko
Parean Elkarteak 'Irungo emakumeak plazara' dokumentalaren harira paseo berezia antolatu du hirian zehar. Mertxe Tranche historialariak gidatuko du.
Datorren hilaren 16an (larunbata), ‘Irungo emakumeak plazara!’ paseo historikoa egingo du Parean Elkarteak. Izen bera duen dokumentalaren harira antolatu dute egitasmoa, hiriko zenbait emakume esanguratsuren benetako egunerokoaz gehiago jakiteko. Vicenta Olazabal, Dolores Salis, Menchu Gal, Julia Iruretagoyena eta Leire Landa irundarrez gain, pospologileen eta mandatugileen kolektiboak landu dituzte dokumentalean. Paseoan, haien bizitza gertutik ezagutzeko aukera izango da.
11:00etan abiatuko dira San Juan plazatik. Ibilaldian zehar, Leon Iruretagoyena kalea, Beraun etxea, Dunboako zubia edota Gal stadium ingurua bisitatuko dute. Handik bueltan, Urdanibia plazako Menchu Gal museoan geldialditxoa egin eta Larretxipi kalean amaituko dute paseo berezia. Gainera, bidean zehar orain arte dokumentala landu duten hiriko zazpi ikastetxe publikoek egindako lan guztia aurkeztuko dutela diote Parean elkartetik. Paseoa, Mertxe Tranche historialari irundarrak gidatuko du.
Era berean, datorren ostegunean (hilak 7), dokumentala hirugarrenez proiektatuko dutela jakinarazi dute elkartetik, Amaia Kultur Zentroan. Bertan, DBHko ikasleak ere izango dira.