Inauguratu egin dute Jaitzubia eta Amute arteko bidegorria

Lanak guztiz bukatu ez diren arren, inauguratu egin dute Jaitzubia eta Amute arteko bidegorri zatia. Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Antolaketako foru diputatu Marisol Garmendiak ireki zuen atzo azpiegitura, eta bere ondoan izan ziren, besteak beste, Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatea, Abotsanitz eta PSE-EE Hondarribiko udal taldeetako ordezkariak, Bidasoa Bizirik erakundeko presidente Miguel Angel Paez, Nafarroako Gobernuko Turismo zuzendari nagusi Maitena Ezkutari, eta Pirinio Atlantikoetako Gobernuko Mugikortasuneko arduradun Sabine Etxeberri. Izan ere, aldundiak, Nafarroako Gobernuak eta Pirinio Atlantikoetako Kontseilua elkarlanean kudeatzen duten Ederbidea programaren barruan kokatzen da bidegorri berria.
Garmendiak, hain zuzen ere, azpiegitura berria Ederbide barrukoa izatea nabarmendu zuen atzo. “Bidegorri hau, Bidasoaldeko herritarren eguneroko mugikortasunerako onuragarria eta baliagarria izateaz gain, eta mugikortasun jasangarria eta osasungarria indartzeaz gain, Gipuzkoari dagokion bide-zati bat da Ederbidea proiektu mugakidearen barruan, bidegorrien bitartez Donostiarekin eta Iruñearekin lotuko duena Baiona. Hiru erakundek partekatutako ekimen mugakide honetan bere konpromisoak bete ditu Gipuzkoak, bide-zati berri honekin ekarpen bat egitean txirrindularientzat eta oinezkoentzat, Bidasoaren bi aldeetan”.
Baiona, Donostia eta Iruñea lotu nahi dtu Ederbideak, 240 kilometroko tartea osatuz. Erdia baino gehiago eraikita dagoela erantsi zuen diputatuak: “Bizikletaren erabilera bultzatu eta indartuko duten politikak abian jartzea da Ederbidea proiektuaren helburua, bai aisiarako, bai turismorako, bai eguneroko lekualdaketak egiteko”.
Jaitzubia-Amute bidegorri zatiak 1.385 metroko luzera du, eta Amuteko eta ospitaleko biribilguneak lotzen ditu, errepidearen ondotik doalarik. Bizikletentzako ez ezik, oinezkoentzat ere balioko du, lau metroko zabalera izango baitu, bi metro bizikletentzat eta beste bi oinezkoentzat. Hori horrela, beharrezkoa izan da bi errepideetako marjina zabaltzea eta inguruan dauden erreten txikiak salbatzea.
Bidegorrian, txirrindularien eta oinezkoen kontaketa-estazio bat ipini da, erabiltzaileen kopurua egunero neurtuko duena, bai txirrindulariak, bai oinezkoak. Horrez gain, txirrindularientzat totem bat jarri dute, bizikletan izan ditzaketen matxurak konpondu ahal izateko erremintekin.
Balaztarentzat, gazi-gozoa
Balazta, Bidasoaldeko bizikleta erabiltzaileen plataformak “sentsazio gazi-gozoa” du Jaitzubia-Amute bidegorri zatiaren inaugurazioaren aurrean. Hala jakinarazi du komunikabideei igorri dien gutunaren bidez. Balaztarentzat, berri ona da “hiriko bidegorri sarea beste 1.385 metrotan handitzea”, baina salatu du ez dagoela proiektuaren “jarraipenaren arrastorik”.
Gainera, eraiki den bidegorri zatia, Balaztaren iritziz, “ez du lehentasunik eskualdeko bizikleta erabiltzaileentzat”, eta Amute-Mendelu zatirako konponbidea eskatu dute beste behin ere. Halaber, aldundiari eta Hendaia, Irun eta Hondarribiko udalei “bihartik aurrera” lanean jarri daitezen eskatu die, “bizikleta bidezko mugikortasunak duen arazo larriari erantzun egokia” eman diezaioten.