'Emakume esanguratsuak' erakusketak hasiera emango dio Martindozenearen denboraldi berriari
Ana Lunaren azken lanean munduko emakume ekintzaile ezberdinak ilustratu ditu; "ahalduntze erreminta" gisa definitu du marrazketa prozesua artistak.

Gazteartean Expo programak Martindozenearen denboraldi berria zabalduko du, ‘Emakume esanguratsuak’ erakusketarekin. Gaur eman dute egitasmoaren berri Irungo Udaleko Gazteria saileko ordezkari Monica Martinez eta Martindozeneako erakusketa arduradun Garikoitz C. Muruak.
Aurtengo erakusketa programaren helburu nagusia hiriko emakume gazteei euren lanak plazaratzeko aukera ematea izango da, eta hala, lehenengoa martxoaren 8arekin batera ekarri nahi izan dute.
Ana Luna artistak sortutako lana da ‘Emakume esanguratsuak’. Bertan, munduko emakume ekintzaile ezberdinak ilustratu ditu; “ahalduntze erreminta” gisa definitu du marrazketa prozesua artistak. Erretratu ugari bildu ditu azken lan honetan, teknika digital monokromatikoa erabiliz (irudi errealak naturako elementuekin nahastu ditu).
Ordutegia
Datorren larunbatean (hilak 9) inauguratuko dute erakusketa, 18:30ean. Apirilaren 14ra bitarte bisitatzeko aukera izango da, Gaztelekuaren ohiko ordutegian (asteartetik ostegunera 17:00etatik 20:00etara, eta ostiral eta larunbatetan 17:00etatik 21:00etara). Halere, gaur bertan (hilak 5, 18:00etan), artistaren eta Gaztelekuko gazteen arteko bilera egingo dutela jakinarazi dute, lanaren inguruan mintzatzeko.
Gazteria sailetik diotenez, datozen hilabeteotarako beste lau erakusketa antolatu dituzte. Bakoitzak hilabete eta erdiko iraupena izango du. Datozen asteotan informazio gehiago emango dute.