EH Bildu: "Hiri eredu ilun, gogogabe eta triste hau agortuta dago"
Udalbatzaren gehiengoak babestuko dituzten proposamenak bere gain hartzen dituen aurrekontuak nahi dituzte 2019rako.
Irungo EH Bildu taldea kezkati azaldu berri da udal aurrekontuekin. Oraindik aprobatu ez izana leporatu diote alderdi sozialistari, eta benetan aprobatzeko interes falta salatu dute. “Aurrekontu hauek XXI. mendeko hiri nabar hori garatzeko lagundu beharko lukete, baina zoritxarrez, hor darraigu, XIX. mendeko sepia koloreko Irun horretan”.
Udal gobernuak gazteek pairatzen duten egiturazko lan ezan pentsatzen egon beharko lukeela adierazi dute taldetik, gazteen sektore batzuk bultzatzen ari diren beste ekonomia ereduaren inguruko proposamen “ilusionagarri eta berritzaileak” laguntzen. Gainera, auzoek parte hartze aktibo izateko garrantzia nabarmendu dute, hiriak bizi duen garaietara egokitutako soluzioak behar dituela. “Gure hiria ezin da buzoneoak egiten eta panfletoak banatzen gobernatu, hori ez da arduratsua, ez da serioa”, salatu dute.
Aurrekontuen inguruko negoziazioetan taldeak parte hartzeari utzi ziola gogoratu dute, ez aurrekonturik nahi ez zutelako, baizik eta “konfusio dinamika horretan eta bilera antzuetan parte hartu nahi ez genuelako”.
Taldeko kideek aurrekontuak nahi dituzte, baina ez udal gobernuarenak. Udalbatzaren gehiengoak babestuko dituzten proposamenak bere gain hartzen dituen aurrekontuak nahi dituzte, eta orain arte akordioetara iristeari uko egin diotela diote. Gainera, paralisi horrek Iruni eta irundarroi eragiten dien mina okerrena dela nabarmendu dute. “Ondorioa garbia da: hiri eredu ilun, gogogabe eta triste hau agortuta dago. Proposamenetan ez dago ez ilusiorik ez imajinaziorik”.