Bidasoko emakumeak, iazko mobilizazio historikoa errepikatzera
Bidasoaldeko Mugimendu Feministak zenbait mobilizazio iragarri ditu datorren martxoaren 8rako (ostirala). "Emakumeok, transok eta bollerok lan guztiak utziko ditugu eta kaleak hartuko ditugu, greba bizitzako esparru guztietan kokatuz, soldatapeko zein doako lanetan".
Bidasoaldeko Mugimendu Feministak zenbait mobilizazio iragarri ditu datorren martxoaren 8rako (ostirala). Gaur eman dute aldarrikapen egunaren harira antolatu dituzten ekitaldien berri, Urdanibia plazako Etxekoandre eskulturaren aurrean egindako agerraldian. “Emakumeok, transok eta bollerok lan guztiak utziko ditugu eta kaleak hartuko ditugu, greba bizitzako esparru guztietan kokatuz, soldatapeko zein doako lanetan”, adierazi dute bertan. Hala, ostiralean “heteropatriarkatu kolonial kapitalistak alboratzen dituztenek” erdigunea hartuko dutela jakinarazi dute.
Ostiraleko mobilizazioetara pentsiodunak, ikasleak eta zaintza lanetan dauden emakumeak eta emakume langileak deitu dituzte, kontsumo, enplegu eta zaintza greba egitera. “Nazkatuta gaude lan feminizatuek eskubide, soldata eta errekonozimendu baxuagoak izatearekin eta baita behin lanetik erretiratzean emakumeon pentsioak prekarioak izatearekin”, salatu dute. Bizitza sostengatzeko ardura kolektiboa eskatu dute mugimendutik, baita zaintzaren berrantolaketa soziala. Emakumeen eskubide sozial eta zibilak eskuratzeko borrokatuko dutela nabarmendu dute, lanaren esplotazioa, kapazitismoa, arrazakeria eta sexu generoaren arteko bereizketak gainditzeko asmoz.
Iaz bezala, aurten ere graba egiteko hainbat modu egongo direla gogoratu dute:
- Herri eta hirietako mobilizazioetara joatea.
- Zaintza lanari uztea eta hori irudikatzeko amantalak balkoietan eskegitzea.
- Gure eskualde edo arloan greba antolatzea eta zabaltzea.
- Ez kontsumitzera deitzen dugu, normaltasunarekin apurtu nahi dugulako eta dena itxita egotea dugulako helburu.
Ostiralerako mobilizazio ugari antolatu dituzte. Lehenik, 12:00etan, manifestazioa egingo dute (San Juan plazatik), eta eguerdian bazkari kolektiboa egingo dute, “kontsumoari planto eginez”. Horretarako, norbere tuperra eramateko deialdia luzatu dute. Arratsaldean berriz, 17:30ean Zabaltza plazan hitzordua izango dute emakumeek, Hondarribia aldera bideratzeko. Han, 19:00etan eskualdeko manifestazioa egingo dutela jakinarazi dute, Hondarribiko emakumeekin bat egin ostean. San Juan de Diosen elkartuko dira. Era berean, gizonei zaintza lanetan ardura hartzeko eskaera luzatu diete mugimendutik.
“Iraultza feminista antikapitalista, heteroarauen kontrakoa, antiarrazista eta irisgarria izango da, edo ez da izango!”, hitzekin amaitu dute gaurko agerraldia.