Hiriko dendetan erostearen truke, aparkatzeko deskontuak
Asmoa da erosketa bakoitzeko aparkatzeko deskontuak eskaintzea erosleari; Irungo merkatariek orotara 10.000 txartel jasoko dituzte, bezeroen artean banatzeko.
Irungo Udalak, Mugan, Bidashop edota Behobia bezalako elkarteekin elkarlanean, hiriko merkataritzari bultzada emateko egitasmo berri bat aurkeztu du. Asmoa da erosketa bakoitzeko aparkatzeko deskontuak eskaintzea erosleari; Irungo merkatariek orotara 10.000 txartel jasoko dituzte, bezeroen artean banatzeko. Txartel horiekin, TAO zerbitzuan edota Pio XII parkingean aparkatzeko deskontua izango dute herritarrek.
Egitasmoan parte hartu nahi duten komertzioek dagoeneko izena emateko aukera dute (gaur arte jada 80 apuntatu dira), Bidasoa Bizirik zein udaleko arreta zerbitzuetan, edota helbide honetara idatziz. Merkatari bakoitzak 40 txartel jasoko dituela jakinarazi dute udaletik. Txartel horietan El Parking app-an kargatzeko kodea eskainiko dute.
Datorren martxoaren 8an ekingo diote kanpainari, eta apirilaren 6ra bitarte luzatuko dute.