Bidasoaldeko Asanblada Feministak Martxoaren 8rako atxikimendua eskatu du
Bidasoaldeko Asanblada Feministak Martxoaren 8a girotzeko deia egin die eskualdeko komertzio, ikastetxe, elkarte, eragile eta norbanakoei.
Bidasoaldeko M8 Asanblada Feministak deia egin die Bidasoko elkarte, norbanako, komertzio eta eragileei Martxoaren 8ko planto feministarekin bat egin dezaten. Horretarako hainbat bide proposatu ditu.
Komertzioetan, adibidez, more koloreko gaiak jarriz: puxikak, zintak, dendako produktuak… “imajinazioak ematen duena”, esan dute.
Ikastetxe, elkarte eta bestelako eragile nahiz bilguneei eskatu diete, dekorazioaz gain, antolatu diren ekitaldiekin edo grebarekin atxikitzea prentsa oharrak bidaliz, edo sare sozialetan jendea animatuz ekitaldietara joateko.
Herritarrei oro har mantala balkoietatik zintzilikatzeko eskatu diete, eta egingo diren ekitaldi eta ekintzetara mezudun kartulinak eramateko. Horietan lazo eta arropa morea erabiltzeko dei egin dute.