Irungo gazteak, lokaletik Europara
Datozen hilabeteotan Irungo gazteek Europako zenbait herrialdetara bidaiatzeko aukera izango dute 'Erasmus +' programaren barruko 'I love Europe' egitasmoari esker.
Datozen hilabeteotan Irungo gazteek Europako zenbait herrialdetara bidaiatzeko aukera izango dute ‘Erasmus +’ programaren barruko ‘I love Europe’ egitasmoari esker. Gaur eman dute ‘Lokaletik Europara’ tituluz izendatu duten bekaren berri Monica Martinez ordezkariak eta Oihane Amoedo udaleko teknikariak.
13-30urte bitarteko irundarrek izango dute programan parte hartzeko aukera. Interesdunek Irungo udaleko webgunean eman beharko dute izena, gaurtik (hilak 25), martxoaren 1era bitarte. Martxoaren 13an egingo dute zozketa, 10:00etan, udalean. Emaitzak, udaleko webgunean zintzilikatuko dituztela jakinarazi dute Gazteria sailetik.
Bidaiaren kostua erabat doakoa izango da, udalak subentzionatuko baitu. Hala, 180, 275, 360, 530, 820 eta 1.500 euroko laguntza jasoko dute gazteek, bidaiaren luzeraren arabera. Gehienez 21 egun pasako dituzte bidaiatzen eta orotara, bi herrialde bisitatuko dituzte: Mazedonia eta Turkia. Era berean, programari esker, Grezia eta Estoniako 13-17 urte bitarteko zenbait gazte jasoko dituzte Irunen. Hauek, irundarrekin batera, gizarte parte hartzea eta sortzailetasuna landuko dute.