Uranzu pilotaleku berria itxura hartzen hasi da
Joan den 2017ko abenduan ekin zieten lehen lanei, eta jada kanpoko estalkia eta instalazioen banaketa amaitzen ari dira.
Urtebete luzeko lanen ostean, dagoeneko itxura hartzen hasi da Uranzu pilotaleku berria. Joan den 2017ko abenduan ekin zieten lehen lanei, eta jada kanpoko estalkia eta instalazioen banaketa amaitzen ari dira.
Aldagelak, komunak, biltegiak eta gimnasioak jada eraiki dituzte, eta orain iturgintza, elektrizitate eta bentilazio azken lanak falta dira. Gainera, azken egunotan frontoiaren asfaltatzea ere amaitu dutela jakinarazi dute udaletik, eta pilotaleku txikia bukatzeko soilik margo lanak egin behar dituztela. Gainera, Kurpilek, Bidasoa eskubaloi taldeak, Irungo Txirrindulari Taldeak eta Kemen Dantza Taldeak ere aukera izango dute bertako instalazioak erabiltzeko.
Uranzu berrian bereziki eskupilotako partida profesionalak jasoko dituzte, baina eskubaloia bezalako beste kirolak praktikatzeko aukera ere eskaini nahi dute bertan. Horretarako, harmaila bilkorra eraikiko dute, beharrezkoa denean kendu edo jarri ahal izateko. Harmailak, osotasunean, 727 ikuslerentzako tokia izango du. Pilotalekuaren azalera osoa, 4.163,23 metro koadrokoa izango da, eta orotara, 4,5 milioi euroko aurrekontua du proiektuak (Gipuzkoako Foru Aldundiak 600.000 euroko diru laguntza eman du). 16 hilabetean eraikitzea aurreikusi zuten hasieran, hortaz, datozen hilabeteotan erabat bukatuko dutela diote udaletik.