Kandido Saseta omenduko dute bihar Azpeitian
Loiolan egingo dute omenaldia, haren senideen ekimenez. Eusko Gudarosteko komandantea hil zutela 82 urte beteko dira bihar.

Kandido Saseta Eusko Gudarosteko komandante hondarribiarraren senideek haren oroimenezko ekitaldia egingo dute bihar otsailak 23, Loiolan (Azpeitia), komandantzia eratu zen leku berean. Eusko Gudarosteko buru izan zen Saseta, eta bihar 82 urte beteko dira hura hil zela. Urtemuga horren harira, komandantearen senideek hura oroitzeko lore eskaintza egingo dute Azpeitian. Hain zuzen, Sasetaren omenez Loiolan jarritako irudiaren aurrean egingo dute ekitaldia, 12:00etan. Familiak hara joateko deia egin du, baita Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan taldeko kideek ere.
Kepa Ordokiko kideen arabera, esanahi berezia du omenaldia Azpeitian ospatzeak. Sasetak formakuntza militarra eskaini zuen Loiolako santutegian eta Lagun Gudalburu gisa, 1936ko irailaren 7an, “aberria, demokrazia, askatasuna eta justizia soziala” sustatuko zituen Eusko Jaurlaritzaren eraketa eskatu zuen beste hainbat talde abertzalerekin. Baita ere, Azpeitiko udalari eta Eneko Fernandez alkateari eskerrak eman nahi zaizkio oroimen historikoan gauzatutako lanketagatik, tartean Sasetaren monolitoa.
1937ko urtarrilean, Eusko Gudarosteko komandante izendatu zuten eta handik gutxira Asturiasko frontera eraman zuten. Areces (Trubia) udalerrian hil zen, 1937ko otsailaren 23an, gudariekin batera Tetuango konpainia baten aurka borrokan. Heriotzak samintasun handia eragin zuen eta Estatu ohoreak jaso zituen Bilbon burutu zen hileta elizkizunetan, nahiz eta gorpuzkiak ez ziren berreskuratu.
Sasetaren Aldeko Taldeak abiatutako bilaketari esker, 2008an bere gorpuzkiak Hondarribira ekarri zituzten, eta Jose Bergamin idazle errepublikanoaren hilotzaren ondoan lurperatu zituzten. Ordutik, lore eskaintza egiten zaio urtero bere heriotzaren urteurrena iristerakoan. Telesforo Monzonek Sasetaren omenez Txikia kantua egin zuen.