Jon Azkue: «Bidasoa Europan ikusi nahi dut, ni talde horren parte naizela»
Gaztea izan arren (25 urte), Bidasoa eskubaloi taldeko erdigunea bereganatu du oriotarrak. Taldeak bizi duen egoera ederraz, azken zortzi urteotako esperientziaz eta etorkizunari begira dituen erronkez aritu da.
Astearteko Bartzelonaren kontrako partida lehiatua izan zen oso (17-21), egun Asobal Ligako bi talde onenen arteko partida ederra. Goleatzaile gorena izan zinen beste behin.
Partida berezia izan zen. Taldea oso dinamika onean zetorren, baina beldur pixka bat ere ematen zigun. Badakigu Bartzelonak zein maila duen, eta beti daukazu beldurra jokatu ondoren zein sentsaziorekin geratuko zaren, hortik aurrera datozen partidei begira batik bat. Galdu arren, partida biribila atera zen, guk nahi genuen bezala eraman genuen erritmoa. Zaletuek, gainera, Artaleku bete zuten, ezin dugu gehiago eskatu.
Taldeak egun azken hamarkadetako unerik onena bizi du, sekulakoa. Nola ari zara bizitzen?
Oso momentu polita da. Ni aspaldi etorri nintzen, orain dela zortzi urte egoera ez zen egungo berbera, eta egia esan orain momentuaz disfrutatzen ari naiz. Taldeak gorakada handia izan du azken urteotan, nik uste disfrutatu beharreko momentuan gaudela, bizi beharreko momentua iritsi zaigula. Zaleak gero eta gertuago sumatzen ditugu, jende gehiago etortzen da animatzera. Jokalarien eta zaletuen arteko elkartasun bat ari da sortzen, oso-oso berezia.
Artaleku gero eta beteagoa ikusteaz gain, bazkideen kopuruak ere gora egin du azken hilabeteotan. Badirudi eskubaloiak garai bateko indarra hartu duela berriz ere hirian.
Bai. Irun beti izan da eskubaloi zaletu asko izan dituen hiria. Orain dela ia 25 urte Europako Txapelketa horrekin boom ikaragarria izan zuen. Ordutik une zailak bizi arren, nik uste dut berriz ere ilusio hori piztu dela, azken urteetan gorako joera sumatzen zen eta aurten batez ere lehenengo itzuli horrekin jendea dezente animatu dela Artalekura etortzera. Egia esan oso polita da harmailak partidaro beteta ikustea, minuturo zaleak animatzen daude. Uneoro taldea bultzaka aritzen dira, eta egia esan, hori oso berezia da jokalarientzat.
Arrakasta horren gakoetako bat defentsako lana izan daitekeela uste duzu?
Bai, nik uste gakoa hori izan dela aurtengo denboraldian. Datuei erreparatuz, defentsan oso maila ona ematen ari gara, Asobal Ligako defentsarik onena dugu. Aurten ere horretan aurrera pauso bat eman dugu. Jacobok [Cuetara, entrenatzailea] oso argi du berak zein defentsa mota nahi duen, zer nolako lan mota nahi duen guk egitea. Gainera, aurten gehitu diren pieza berriek asko eman diote defentsa honi. Azken finean, defentsa ondo dagoenean atezainak geldialdi asko egiten ditu, eta orokorrean dena errazagoa da.
«Hemen jendeak asko daki eskubaloiari buruz, asko estutzen dute partidetan»
Etxean jokatu dituzuen 10 partidetatik zortzi irabazi dituzue. Asobal Ligako zelai zailenetakoa izatea lortu duzue.
Bai, denok dakigu Artaleku zelai oso berezia dela. Guretzako oso berezia da bertan jokatzea zelaiak duen historiarengatik, eta jendeak ematen duen bultzadarengatik ere. Kanpotik datozen taldeei ere errespetu puntu bat ematen die Artalekuk. Hemen jendeak asko daki eskubaloiaz, asko estutzen dute, eta egia esan aurten lortu dugu etxean oso sendo aritzea; bi partida bakarrik galdu ditugu, tartean Bartzelonaren kontrakoa.
Urte magikoa izaten ari da?
Bai, nik uste ia perfektua ari dela izaten, gutxi gehiago eskatzeko dagoela. Guk egitea dugun gauza bakarra lanean jarraitzea da. Lehenengo itzuliko bigarren izan gara, Asobal Kopako finalera iritsi gara, eta Errege Kopan aurrera jarraitzen dugu oraindik. Nik uste gauzak ondo egiten ari garela, eta behintzat saiatuko gara bide horretan lan egiten, eta urtea ahalik eta ondoen bukatzen.
Zentral postua ez da golarekin gehiegi lotzen orokorrean, baina halere, taldeko laugarren golegilea zara egun 48 golekin.
Bai, azkenean zentral baten lana gehiago da taldea antolatzea edo taldeak momentuan zer egingo duen erabakitzea. Baina jokoa martxan hasten denean, eta aukera baldin badago ezin zaio uko egin gola sartzeari. Beste edozeinek egiten duen ekarpena bezalakoa da, azken finean saiatzen gara taldeari ahalik eta gehiena ematen. Batzuetan gol gehiago sartuko ditugu, eta bestetan ez dugu golik eskuratuko, baina taldean eragitea da asmoa. Jakin egin behar da momentu bakoitzean taldeak zer behar duen eta horretara moldatu behar dira jokalariak.
«Urte ia perfektua izaten ari da, gutxi gehiago dugu eskatzeko»
Iaz onena oraindik etortzeke zegoela esan zenuen. Iritsi al da une hori?
Ez dakit, ni beti saiatuko naiz momentu hau ez izatea sekula onena, Jon Azkue hobeago bat dagoela pentsatu nahi dut beti. Lanean jarraitu, ahalik eta onena eman taldeari eta sekula ez konformatu, hori da bidea. Beti dago zer hobetu, zertan lan egin eta alde horretatik nik uste dut beti dagoela Jon Azkue hobe bat etortzeko aukera.
2011-2012an iritsi zinen Bidasoara, 17 urterekin. Oso gaztea izan arren, berehala lehen mailako talde baten gidaritza hartu zenuen. Ez da oso ohikoa hori.
Arrate taldetik nentorren orduan, dagoeneko Asobal Ligan debutatuta. Lehenengo bi urte horietan Bigarren Mailan jokatu genuen. Ez ziren batere errazak izan, baina pixkanaka protagonismo gehiago edukitzen hasi nintzen. Oso eroso sentitzen nintzen kantxan jokatzen. Entrenatzaileak konfiantza hori eman zidan, eta ni ahalik eta hoberen aprobetxatzen saiatu nintzen. Egia esan, urtetik urtera asko ikasi dut.
Oriotarra izan arren, ia-ia irundarra zarela esaten dute zale askok. Nolako harrera egin dizute irundarrek?
Etorri nintzen lehenengo egunetik hemengoen babesa sentitu dut, irundarren maitasuna. Jende guztiak besoak zabalik jaso nau, eta oriotarra izan arren, nik badut halako zerbait Irunekin, azkenean urte asko dira hemen eta sentimenduak sortzen joaten dira.
Jada zortzi urte beteko dituzu Irunen. Nolako urteak izan dira?
Denetarik egon da. Urte konplikatuak bizi izan ditugu, non Bigarren Mailan geunden, eta igotzeko asmoa izan arren, ez genuen lortzen. Asobalera igo ostean, aurrera begiratzeko urteak izan dira. Momentu bakoitza probesten jakin behar da, urte ez hain onenetatik ikasi eta ahalik eta gehien disfrutatzen saiatu. Orain ohartzen zara urte horiek zer nolako balioa duten eta beharrezkoa dela urte horietan lanean jarraitzea gaur egungo egoerara iristeko.
«Europa gero eta gertuago dagoela ikusten dugu, errealagoa dela»
Unerik zailena?
Talde bezala, Santanderren play off-a jokatu genuen urte hura. Klub osoak Asobal Ligara igotzeko esperantza zuen, eta egia esan, urte zaila izan zen. Asko kostatu zitzaigun play off horretara iristea, eta azkenean finalaurreko partida galdu eta aukerak pikutara joan ziren. Une gogorra izan zen denentzat. Gero pertsonalki bai bizitu ditudala momentu txarragoak, lesioak…
Eta politena?
Oso ondo gogoratzen dudan bat izan zen, oso-oso garbi daukatena. Unerik politena 2016an, hemen, Artalekun, jokatu genuen Asobal Ligara bueltatzeko partida hori izan zen. Uste dut lehenengo aldia izan zela Artaleku beteta ikusi nuena, eta egia esan, oso oroitzapen onak gordetzen ditut.
2020era arte kontratua duzu Bidasoarekin. Etorkizuna horia eta urdina ikusten duzu?
Bai, momentuz bai. Urte dezente daramatzat hemen. Halako sentimendu bat dut Irunekin, taldearekin, kolore horiarekin. Eta kontratua berritu nuen momentuan esan nuen, nik hemen geratu nahi nuela Bidasoa handi bat ikusteko. Bidasoa Europan ikusi nahi dut, ni Bidasoa horren parte naizela. Hori ikusteko borrokatu egin behar da, egiten duzun lanean sinistu behar da.
Asobal Ligako talde askok bezala, Europatik ere dei ugari jaso dituzu, baina hemen geratzea izan da beti zure hautua. Zergatik?
Beti pentsatu izan dut garrantzitsua sentitzen zaren leku batean gauzak errazago direla, horrenbeste aukera ez dituzun beste lekuren batean baino. Hemen beti izan dut entrenatzaileen konfiantza, taldekoena, klubarena, eta azkenean ni oso-oso gustura sentitzen nintzen hemen. Beti nahi izan dut gora egiteko prozesu horretan nik neuk ere aurrera pausoak ematea.
Orain bai, Europaz hitz egin daiteke?
Europa gero eta gertuago dagoela ikusten dugu, gero eta errealagoa dela. Urte hasieran inork gutxik pentsatuko luke puntu horretara iritsiko ginatekeenik. Ia 20 partida jokatu ditugu, denboraldi amaierara iristen ari gara eta oraindik bigarren postuan gaude. Orduan, nik uste dut Europaz hitz egitea badugula, inolako konplexurik gabe gainera. Erakutsi dugu hor goian egoteko moduko taldea daukagula, eta zergatik ez, orain helburu bezala Europako postu horiek harrapatzea?
Mezuren bat zaleei datozen partidei begira?
Beti bezala gure onena ematen jarraituko dugula, badakigulako beraiek partidaro onena ematen dutela. Kanpoko partida askotara joaten dira zaleak, jendea mugitzen ari da, orduan ezer gutxi eskatzea dugu.
«Oriotar bakarra izango naiz sekula arraun bat eskuetan hartu ez duena»
Zer moduz Gurutz Aginagalde presidente berriarekin?
Ondo, aurretik tratu pertsonala nuen berarekin, ezagutzen nuen. Egia esan, bera sartu zen momentutik maiz hitz egin dugu gure egoeraren inguruan, kluba nola ikusten dugun, zer hobetu eta alda litekeen, eta beraiek zer egiteko prest dauden. Egia esan, komunikazio oso-oso ona dago, eta hori oso garrantzitsua iruditzen zait. Beharrezkoa da klubak jakitea jokalariek zer pentsatzen dugun, komunikazio hori egotea funtsezkoa iruditzen zait.
Oriotarra izanik, nolatan erabaki zenuen arrauna beharrean baloia hartzea?
Uste dut izango naizela oriotar bakarra arraun bat sekula hartu ez duena [barrez]. Sekula ez dut arraunik hartu eskuetan, ez ikastolan, ez udalekuetan, ez zait inoiz tokatu. Kuadrillakoei eskubaloia gustatu zitzaigun hasieratik, eta denak batera horretan hasi ginen.