Hondarribia erdia baino gehiago liburutegiko bazkide da
Udal Liburutegia berritu zutenetik 16 hilabetera, alkateak, Kultura zinegotziak eta liburuzainak zerbitzuaren hobekuntza nabarmendu dute.

Hamasei hilabete pasatu dira Hondarribiko Udal Liburutegia berritu zutenetik. Txomin Sagarzazu Alkateak, Kalixa Silanes Kultura zinegotziak eta Kote Guevara udal liburuzainak prentsaurrekoa eskaini dute aste honetan, balantze egiteko. Aldaketak zerbitzuari mesede handia egin diola nabarmendu zuten, eta 2018ko datuekin azaldu zuten hori.
“Udal Gobernu Taldearen Agintaldi Planeko proiektu esanguratsuetako bat zen Zuloaga Etxea berritu eta liburutegiaren bitartez herritarren irakurzaletasuna sustatzea ‑adierazi zuen alkateak‑. 2017ko urriaren 20an irekiera egin genuenetik, erabiltzaileen artean oso emaitza onak izan ditu, bistakoa da. 2018an 74.294 izan ditu Liburutegiak, 9.455 bazkide ditu eta 28.038 liburu mailegatu dira”.
Silanesek gehitu zuenez, alde guztietan izan ditu hobekuntzak liburutegiak: “Zerbitzua asko hobetu da, azalera asko handitu da, langileak bitik seira igaro dira eta hori nabaritu egiten da egunerokotasunean”.
Biztanleen erdia bazkide
Liburuzainak biztanleen erdia baino gehiago bazkide dela nabarmendu du: “9.455 bazkide ditu, Hondarribiko biztanleen erdia baina gehiago. Liburutegiak daukan fondoa 59.530 liburuk osatzen dute, urtetik urtera gorantz doan kopurua”.
Guevarak argitu duen, ordutegia zabaltzea oso ondo hartu dute erabiltzaileek: “Ordutegi zabalagoa eskaintzen dugu eta erabiltzaileak pozik daudela esango nuke. Epe desberdinak ditu liburutegiak, hor daude adibidez ikasleen azterketa garaiak, topetaraino egoten dena. Udaran pixka bat jaitsi egiten da eta udaberri eta udazkenean berriz indartu. Bataz bestekoa egingo bagenu, egunero 300 erabiltzaile etortzen direla esan dezakegu”.
Oro har, azpiegitura osoarekin kontent dago liburuzaina, baina agerraldian balio anitzeko gela berria eta harrerako gunea bereziki aipatu zituen. “Erabilera anitzeko gela bilerak, aurkezpenak, ezkontzak… denetarako erabiltzen da eta oso egokia izaten ari da. Iaz 68 ekitaldi egin ziren, astero bat baina gehiago, baina urtarrilean eta otsailean daramagun martxarekin, errez bikoiztuko ditugu datuak aurtengoan”.
Harrerako zerbitzuak ere erabilpen handia duela gaineratu zuen: “Harrerako zerbitzua eta ordenagailuen gunea asko erabiltzen da urtean zehar, eta udan etortzen diren turista askok ere erabiltzen dute, oso ongi etortzen zaie eta”.