Afrika eta kolonialismoa, asteburuan Irunen
Aman Komunak sareak jardunaldiak egingo ditu bihar eta etzi Irunen. Asanblea nagusia Lakaxitan egingo dute.
Aman Komunak sareak topaketa antolatu du Irunen astebururako. ‘Afrika askatu, kolonialismoa suntsituz’ leloarekin, hainbat jarduera egingo dituzte hirian bihar eta etzi. Afrikako migratzaileei nahiz beraiekin batera elkartasun sareak ehuntzen dituzten herri mugimenduetako kideei zuzendutako topaketa izango da. Bertan, besteak beste, Afrikako lagunen «ihesaldi masiboa» ulertzen saiatuko dira, eta euren kontinentetik ihes egitera bultzatzen dituzten arrazoiak ikusi eta neokolonialismoa nahiz kapitalismoa bezalako gaiak landuko dituzte.
Aman Komunak sareak gogorarazi duenez, Afrikak ondasun ugari ditu, diamantea, urrea eta gasa bezalakoak, «Afrika txiroa denaren uste zabaldua bezain ustela dela esatera ausar gintezke». Europak bere industria, energia iturriak eta armagintza mantentzeko Afrikako baliabideak behar dituela azaldu du, eta eurenganako kontrolak ezartzeko askotan gerrak bultzatzen dituztela. Era berean, Europak «garai bateko esklaboak ordezkatzen dituzten paperik gabekoak» behar dituela gaineratu du. Honakoa da egitarau osoa:
Bihar, larunbata
- 10:00. Gosaria eta jardunaldien hasiera San Juan plazan.
- 10:30. Afrikako mapen gaineko erakusketa gidatua, San Juan plazan.
- 12:00. Harresirik ez lelopean kalejira hiritik zehar, Burrunba elektrotxarangarekin, San Juan plazan hasita.
- 12:30. Ekitaldia egingo dute Santiago zubian.
- 14:00. Eltzekada Santiago auzoan.
- 15:00. Khassida abesbatzaren emanaldia (Barañain-Senegal) eta ‘La Cultura es lo que nos queda’ izenburupean, abesbatzaren aurkezpena.
- 17:00. Lakaxita gunean, Afrika eta neokolonialismoa mahai-ingurua.
- 21:00. Afaria Lakaxitan.
- 21:30. Kontzertuak Lakaxitan Makuluken (Donostia) eta Fufu (Irun) taldeekin.
Etzi, igandea
- 09:00. Gosaria Lakaxitan.
- 10:00. Aman Komunak sarearen batzarra Lakaxitan.
- 14:00. Bazkaria Lakaxitan. Jardunaldien bukaera.