Jokin Melida izango da Irungo EH Bilduren alkategaia
Ilusio handiz hartu du Melidak taldeak beregan jarri duen erantzukizuna, baina era berean lasai dagoela dio. "EH Bildu proiektu pertsonalista baino gehiago da, talde anitz, sinisgarri, anbizioso eta konprometitua osatzen baitu taldeak".
Datozen hauteskundeetarako Irungo EH Bildu taldeak badu alkategaia. Gaur San Juan plazan egindako agerraldian aurkeztu dute; Jokin Melida berriz ere alkatetzara aurkeztuko da. Besteak beste, taldeak “proiektu ezberdin, anbizioso eta ilusionagarria” duela nabarmendu du.
“Ez dira politikarako garai onak. Egunero politikaren mundua inguratzen duen populismo zaharkituaren lekuko gara. Gatazkak konpontzeko baino politika gorrotoa sortzeko tresna bat dela sinestarazi nahi digute”. Hitz horiekin hasi du alkategaiak gaurko agerraldia. Taldeak azken urteotan “paper garrantzitsua” jokatu duela nabarmendu du Melidak, eta horren adibide izan da “hamarkadetan enkistaturik egon den” Plaiaundiko kirol pisten trasladoa. Oposizioko beste taldeekin lortutako akordio hori “politika egiteko modu ezberdinak dauden frogarik garbiena” izan dela dio.
Datozen hauteskundeei begira taldeak duen proiektu hori pentsionistei, emakumeei, langileei, “sistematikoki ahaztu egiten ditugun gazteei”, merkatariei, “bere etorrerarekin Irun aberasten dutenei”, eragile sozialei eta elkarte ezberdinei entzunez landu dutela nabarmendu du. “Irun auzoetatik egin nahi dugu. Irun, etxe handi batetik periferiara gobernatzen den ideia aldatu behar dugu. Auzoek ahotsa izan eta erabakitze ahalmena izan dezaten nahi dugu”, gehitu du Melidak. Datozen urteei begira, Irundarrentzat beharrean, irundarrokin egin nahi du lan EH Bilduk.
Ilusio handiz hartu du Melidak taldeak beregan jarri duen erantzukizuna, baina era berean lasai dagoela dio. “EH Bildu proiektu pertsonalista baino gehiago da, talde anitz, sinisgarri, anbizioso eta konprometitua osatzen baitu taldeak”. Amaitzeko, taldeak “Irungo proiekturik barnerakoi eta anitzena” duela nabarmendu du alkategaiak, eta hala, irundarren ongizatea hobetuko dutela.