Hamaika ekitaldi aurtengo inauterietarako
Inauteriak datorren astean iritsiko diren arren, etzitik (hilak 23) martxoaren 3ra (igandea) luzatuko dute egitaraua.
Dagoeneko Irungo Udaleko Kultura saila inauteriei begira jarri da, dena prest dute. Datorren astean iritsiko diren arren, larunbatetik (hilak 23) martxoaren 3ra (igandea) luzatuko dute egitaraua. Gaur aurkeztu dituzte inauterien harira antolatutako ekitaldiak, goizean egindako agerraldian. Bertan, Juncal Eizagirre ordezkarirekin batera konpartsetako zenbait kide izan dira.
Asteburu honetan, larunbateko Irungo Atsegiñak antolatutako kaldereroen irteera (19:00etan) eta igandeko Iñude eta Artzainen (12:00etan) desfilea izango dira ekitaldi nagusiak. Gainera, igandeko desfilean Eraiki Dantza Taldeko erraldoiak batuko direla jakinarazi berri dute. Eta ekitaldi horiekin batera, igandean Irungo Txistulari Taldeak egingo duen ibilaldia izango da (8:30) inauterietako plater nagusietako bat. Horiez gain, dozenaka ekitaldi eta jarduera prestatu dituzte, adin tarte guztientzat.
Hurrengo astean berriz, inauterietako ohiko ekitaldiak egingo dituzte, tartean baserri giroko inauteria edota inauterietako desfile klasikoa. Martxoaren 3an amaituko dira inauteriak, sardina lurperatzeko eta Zanpantzarra erretzeko ekitaldiarekin (19:30ean).