Astelehenean Irungo hiru lagun kalean geratuko direla salatu du Stop Kaleratzeak-ek
Hiru laguneko familia bat kalean geratuko dela diote, "etxebizitza duin baterako eskubidea bermatzeko Irungo gizarte zerbitzuek eta udalak duten gaitasun ezaren ondorioz".
Stop Kaleratzeak Bidasoak agerraldia egin du gaur San Juan plazan. Bertan salatu dutenez, datorren astelehenean (hilak 25), hiru laguneko familia irundar bat kalean geratuko da, “etxebizitza duin baterako eskubidea bermatzeko Irungo gizarte zerbitzuek eta udalak duten gaitasun ezaren ondorioz”. Gainera, hiru senide horietako bi mendekotasun egoeran daudela nabarmendu dute.
Baliabiderik gabeko lagun, langabetu, mendekotasun edota ahultasun egoeran daudenek etxebizitza bat eskuratzeko duten ezintasunaren aurrean, udalaren aukera familia hauek Irungo Bowling pentsioan “aparkatzea eta abandonatzea” izan dela diote plataformako kideek, auzoan “geto” bat sortuz. Hala, Irungo Udalari beharrezkoak diren baliabide guztiak jartzea exijitu diote, astelehenean kalean geratuko den familiatik hasita.
Era berean, Irungo etxebizitza hutsen jabegorik handiena bankuena, funts putreena eta jabe handiena dela diote Stop Kaleratzeak-etik. “Hauei ez zaie ez saltzea, ez alokatzea interesatzen”. Udaleko gizarte zerbitzuetako arduradunekin zenbait bilera egi dituztela argitu dute, eta udalaren aldetik “ez da gure konpetentzia” erantzuna jaso dutela. Gainera, orain arte etxegabetzeak gelditzeko ezer egin ez izana leporatu diote udalari, eta zerbait egin dutenean Stop Kaleratzeak-en presioari esker izan dela.
Hortaz, besteak beste, udalari honakoa exijitu diote: etxebizitza bat etxegabetze egoeran dagoen familiarentzat, Alokabide programa astintzea, hutsik dauden etxebizitzei Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga (OHZ) igotzea, etxebizitzen merkatua erregulatzea, edota bertan behera uztea Bowling ostatuarekin lau urterako sinatutako kontratua.