Talde garaitezina hurbil izan du Bidasoak
Bidasoa eskubaloi taldeak 17-21 galdu du Artalekun Bartzelona handiaren kontra. Galdu arren, egindako lanaz harro daude irundarrak.
Ehunka eta ehunka lagun gerturatu ziren atzo Bidasoa eta Bartzelonaren arteko neurketaz gozatzera. Harmailak lepo (ez zen sarrera bakar bat ere saldu gabe gelditu), Asobal Ligako lehen eta bigarren sailkatuaren arteko neurketa ederra jaso zuen atzo Artalekuk. Bartzelona garaile izan arren (17-21), Irungoek aurpegia eman zuten, nola gainera. Talde garaitezina hurbil izan zuten.
Xoan Ledo (Bidasoa) eta Kevin Moller (Bartzelona) atezainek sekulako partida egin zuten, baita Bidasoako defentsak oro har. Lehen zatia berdinduta amaitu arren (9-9), eta une batzuetan Bidasoa aurretik joan arren, bigarrenean gailendu ziren kataluniarrak. Talde osoagoa dute blaugranek, errotazioak egiten dituzte, jokalariak freskoago iristen dira partiden bukaerara.
Orotara, 1.707 ikusle bildu ziren Artaleku kiroldegian. Partidaren azken minutua, oso-osorik, omenaldia izan zen taldearentzat: publikoak txaloka agurtu zituen jokalariak azken 60 joko segundoetan omenaldia egin zieten zaleek jokalariei. Merezitakoa.
Hurrengo partida Granollers-en aurka izango dute Irungo jokalariek, Palau d´Esports zelaian, datorren asteartean (hilak 26), 21:30ean. Ligako hirugarren dira gaur-gaurkoz Granollerskoak, partida bat gutxiagorekin irundarretatik puntu bakarrera.