SPI-k ingurumenaren gaia "bazter batean" uztea leporatu dio udal gobernuari
Erakundeei konpromiso argia hartzeko eskaera luzatu diete taldetik. Gainera, ingurumena zaintzeko deia luzatzeko probestu dute gaurko agerraldia.
Si se Puede Irun (SPI) taldeak ingurumenaren eta trantsizio energetikoaren inguruko gogoeta egin berri du. Egungo udal gobernuak ingurumenaren gaia “bazter batean utzi” duela salatu dute taldetik eta bide batez, erakundeei konpromiso argia hartzeko eskaera luzatu diete. Ingurumena zaintzeko deia luzatzeko probestu dute gaur egin duten agerraldia, “etorkizun ilun” hori saihesteko.
“Berdin du hauteskundeetarako denbora gutxi falta denean autobus elektriko bat jartzen badute, ingurumena zaintzeko ardura dugunok argi baitaukagu gure udalak egiten ez duena”. Horien adibide bat “hogeita bost urtez zain egon diren” Plaiaundiko kirol instalazioak izan dela nabarmendu dute.
Trantsizio energetikoari dagokionez, 2012an onartutako Energia Iraunkorrerako Ekintza Plana dagoela gogoratu dute. “Oso polita da eta helburu zoragarriak zituen; Europako hiririk aurreratuenen mailara eraman nahi zuten Irun, baina hura ere paperean geratu zen”. Hala, ezarritako helburuetatik soilik “tanta batzuk” egin dituztela diote, berriz ere, “udal gobernu zaharkitu honen konpromiso falta eta gauzak behar bezala egiteko gaitasun eza agerian utziz”.
‘Zer dago airean?’
Hiritarrek gaia gertutik ezagutu dezaten, ‘Zer dago airean?’ hitzaldia antolatu dute biharko (hilak 21), Equo Berdeak eta Ezker Anitza taldeekin batera. Bertan, Jose Becerra legebiltzarkideak herritarrek arnasten duten airearen inguruko hitzaldia eskainiko du. 19:30ean ekingo diote saioari, Gure Moradan (Izaga kalea, 9).