Plazara, sekula ez ahazteko
1800 urtetik gaur arteko hiriko zenbait emakumeren historia jaso du Parean elkarteak ‘Irungo emakumeak plazara!’ dokumentalean. Hilaren 21ean estreinatuko dute, Oiasso Museoan.
Irungo memoria berreskuratzeko zenbait elkarte eta adituk egin bezala, hiriko Parean elkarteak urrats garrantzitsua eman berri du emakume irundarren bizitza berreskuratu eta omentzeko. Hilaren 21ean, Irungo emakumeak plazara! dokumentala estreinatuko dute Oiasso Erromatar Museoan. Azken bi mendeetako bost emakume eta bi emakume kolektibo esanguratsuren bizitza ikus-entzunezko formatuan bildu dute, haiei omenaldi gisa, baina baita ere datozen belaunaldiek orain arte ezkutuan egon den iragan hori sekula ahaztu ez dezaten.
Parean elkarteko kide Oihana Llorentek kontatu duenez, «aspalditik» dator proiektua egiteko asmoa. Bilgune Feministan ibiltzen ziren orain dela 9 urte inguru elkarteko hiru kideak. Orduan ohartu ziren Irungo kale izendegian emakume oso gutxiren izenak agertzen zirela. «Garai horretan 350 kale baino gehiago zeuden eta lau kalek besterik ez zuten emakumeen izena». Egoerari bira emateko asmoz, Mertxe Tranche historialariarekin batera sartu ziren artxibo lana egitera, buru-belarri. Lehen informazio bilketa hartatik Irungo Udaleko alderdi guztiei hamar emakumeren izenen zerrenda aurkeztu zietela azaldu du Llorentek. Proposamen horien ondorioz, 11 kalek dute emakumeen izena egun. «Datu horiek ikustaraztea, ikustea emakumeak erabat isilaraziak egon direla historia zehar, baita Irunen ere». Hori lortu nahi dute dokumentalarekin.
Pauso handiagoa emateko asmoz, hiriko emakumeen izenen bilketa horretan epe luzeko proiektua izan zitekeela mamitzen hasi ziren. «Polita iruditu zitzaigun dokumental bat egitea esplikatuz emakume hauek nor ziren, bereziki fokua jartzea hurrengo belaunaldietan, beraiek gure historia ezagutu dezaten», dio Llorentek. Hala, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Irungo Udalaren laguntzarekin, proiektuan murgilduta aritu dira azken urteotan.
Bereziki datozen belaunaldiei begirako proiektua izanik, ikastetxeekin lanketa berezia egin dute azken hilabeteotan, zehazki LH 4. mailako ikasleekin (9-10 urteko haurrekin). Irunen zazpi ikastetxe publiko daudenez, bost emakumeez gain, bi kolektibo aukeratu dituzte, horien gaineko xehetasunak emateko, «gizarteko arlo ezberdinak» irudikatu nahian: Vicenta Olazabal, Dolores Salis, Menchu Gal, Julia Iruretagoyena eta Leire Landa dira norbanakoak, eta pospologileak eta mandatugileak dira kolektiboak.
Zerrenda plurala
Elkarteko kideak azaldu duenez, Vicenta Olazabal «hiria aberasten jakin zuen» emakumea izan zen. Julia Iruretagoyenak, berriz, «Madrilen emakumeen hezkuntza eskubideen alde asko borrokatu» zehaztu du, eta era berean Errepublika garaiko Irungo alkate baten alaba zela. Dolores Salis eskulturagilea, Menchu Gal margolari ospetsua eta Leire Landa futbolari ohia dira zerrenda osatzen duten emakumeak. Izen horiekin batera, «kolektibo oso borrokalaria» izandako pospologileen eta Irundik Donostiara joan-etorria egiten zuten mandatugileen historia ere landu dute.
Hurrengo astera arte ikusteko aukerarik ez dagoen arren, hiriko ikasleak izan dira dokumentala estreinakoz ikusteko aukera izan dutenak. Are gehiago. Joan den azaroan lehenengoz ikusteaz gain, sakonean landu dute proiektua; ikasle talde bakoitzak emakume edo kolektibo bana landu du azken boladan.
Ikasleen harrera primerakoa izan dela aitortu dute Parean elkartetik. Lehenengo erantzuna ezjakintasuna izan arren, berehala kuriositatea sortu duen gaia izan dela dio, harro, Llorentek. «Kaleen izenen datuekin harrituta geratzen ziren, ez zuten errealitate hori ikusten eta zergatik ote zen galdetzen ziguten». Haurrek bezalaxe, gutxik dute emakume horien berri. «Irundarrek oro har ez dakigu benetan zeintzuk diren emakume hauek. Batzuek kaleetan plaka izan arren, inork gutxik daki nor diren eta zer egin zuten».
Proiektua biribiltzeko, datorren martxoaren 16an bisita gidatu berezia antolatu dute emakumeen tokia Irunen zein den azaltzeko. Mertxe Tranchek emakume horien egunerokora eramango ditu animatzen diren bisitariak.
+ Irakurri Mertxe Tranche historialariari HITZAk egin dion elkarrizketa.