Mertxe Tranche: «Bertako historian dena egiteko dago oraindik»
Bereziki emakumeen inguruko ikerketa historikoak egin ditu historialari irundarrak azken 12 urteotan. 'Irungo emakumeak plazara' dokumentalerako lanean ibili da azkenaldian.
Aski ezaguna da zure pasioa liburuak direla. Asko eta luze idatzi duzu, bereziki hiriko emakumeen gainean. Nolatan hasi zinen horretan?
Egia esan, ez dakit ziur nola. Orain dela 12 urte hasi nintzen, lehen Serapio Mugica beka irabazi nuenean. Ordutik, gai batekin hasi eta beste asko ateratzen joan dira. Bidean emakumeen gaineko gauzak biltzen joan naiz beti, hor hutsune handia zegoelako, eta ez bakarrik Irungo historian. Pospologileen fabrika Irunen ia 150 urtez egon zen, eta haietaz oso gutxi genekienez, ikerketan sartu nintzen. Irungo belaunaldi askorentzat pospologileez hitz egitea emakume oso ausartez hitz egitea da, politikoki eta sindikalki kontzientzia handikoak, izaera handikoak. Historian gertatu ohi dena, zera da, haritik tiraka hasten zarela eta harilaren erdian bukatzen duzula. Orduan betetzeko dauden zulo horiez ohartzen zara.
Ezinezko egingo zitzaizun, orduan, Irungo emakumeak plazara! dokumentalari ezezkoa ematea, ezta?
Noski. Lehenik ezin izan dut ezezkorik eman gaiak asko erakartzen ninduelako, baina baita ere Parean elkarteko neskekin dudan harremanarengatik. Gainera, askatasun asko eman didate ikerketa lanetarako. Bultzada bazuten, borondatea ere bai eta soilik aholkularitza historiko pixka bat behar zuten. Nola esango diozu ezetz horrelako proposamen erakargarri bati? Azken finean nik egin nahi ditudan lanen barruan sartzen da erabat proiektu hau, dena primeran joan da.
Nondik bildu dituzu emakume horien historiak?
Urte askoko ikerketak izan dira, artxiboan bizitzen egon naiz ia. Zailena dokumentalerako horietako zein aukeratuko genituen erabakitzea izan da. Hasieratik argi genuen bizirik dagoen emakume bat nahi genuela, bereziki haurrek harekin konektatzeko erraztasuna duen emakume bat, eta hori Leire Landa futbolaria izan da. Kolektiboen gainean ez zait gehiegi hitz egitea gustatzen, emakumeek izen-abizenak edukitzea beharrezkoa iruditzen zaidalako, baina kasu honetan garrantzitsua izan da pospologileen eta mandatugileen inguruan gehiago jakiteko. Oso gutxi ikertutako kolektiboak dira, eta irundarren bizitzaren zati handi batean paper garrantzitsua izan zuten. Emakumeez ari garenean, baloreak aldatu egiten dira. Irungo kaleak begiratuz gero, gerrako edo politikako gizon handien izenak ikusten dira bereziki. Horiek ez dira emakumeekin erlazionatutako baloreak, gerran edo politikan ez direlako egon. Beste balore batzuk daude.
«Urte askoko ikerketak izan dira, artxiboan bizitzen egon naiz ia»
Memoria historikoa berreskuratzea zaila bada, garaia kontuan hartuta, emakumeena are gehiago, ezta?
Askoz ere gehiago, bereziki dokumentazioan azaltzen ez direlako. Artxiboan soilik gertakari handiak daude, eta emakumeak ez daude hor, asko jota salbuespen bezala. Bestelako tokietan aurkitu behar dira emakumeak, dokumentazio ofizialean beharrean prentsan gehiago, adibidez. Ezkutuan dagoen informazioa da. Oso zaila da aurkitzea, baina era berean liluragarria. Aurkikuntza txiki bakoitza gizonezko pertsonai horien inguruan zerbait berria jakitea baino transzendenteagoa da.
Nolakoa izan da esperientzia?
Ikaragarria izan da, abentura ederra, berria, eta harrera bikaina izaten ari dena. Argitaratu aurretik haurrek primeran jaso dute. Mugarri izango da, haur irundarrek emakume hauek existitzen zirela jakiten haziko baitira.
Parean elkarteko kideen lanari esker, jada hiriko 11 kalek emakumeen izena dute. Zein litzake hurrengo pausoa?
Asko falta da oraindik. Irunek 300 kale baino gehiago ditu. Egia da esponentzialki igo dela emakumeen izenak dituzten kalen kopurua. Orain dela 12 urte inguru soilik bi kalek zuten emakume baten izena, Maria Juncal Labandibar eta Prudencia Arbide. Garrantzitsua izan da kale berriek emakumeen izenak izan ditzaten berdintasun batzordeak egin duen lana. Bereziki egiteko geratzen dena munizioa ematea da, hau da, Irungo emakumeen informazioa biltzen duen datu base bat izatea, ikerketak egiten diren garaian nondik jo jakiteko. Hori da gaur egun dugun zailtasun nagusietako bat. Emakumeen kasuan baloreak ezberdinak izanik, zaila da dokumentazioan euren inguruko informazioa aurkitzea. Denek pentsaera aldaketa bat egin beharko genuke, eta pentsatzen hasi irakasle edo mediku emakume batek adibidez kale bat merezi duela.
«Irunek historia zoragarria du, sekulako ondare immateriala dugu»
Dagoeneko Irungo iraganaren gaineko lau liburu egin eta argitaratu dituzu. Gutxik ezagutuko dute hiriaren historia zuk bezala.
Nik uste jende askok, eta ziur nik baino hobeto [barrez]. Egia esan Irunek historia zoragarria du, sekulako ondare immateriala dugu hemen eta hori zabaltzea garrantzitsua da. Egun ezagutzen dugun ondare immaterial hori, adibidez, Luis de Uranzu kultur elkarteak egindako lanari esker izan da. Irungo historiaren 10.000 orri ditugu haiei esker. Eta bereziki artxibotik egiten den lan hori beharrezkoa da. Irungo historia oso baldintzatuta egon da kokapen geografikoagatik, gauza askoren igarobide izan da, ez soilik pertsonena, baita ideiena ere. Izaera berezia du hiriak, baina oraindik iragana ezezaguna da askorentzat.
Ikertzeke kasu asko geratzen dira orduan?
Bertako historia ikasten hasten zarenean, inpresioa beti dena egina dagoela da. Halere, ezagutzen hasten zaren heinean oraindik dena egiteko dagoela ohartzen zara. Oraindik lur asko dugu zeharkatzeko. Genero ikuspegitik ikertutako historian dena dago egiteko. Gainera, Irungo aspektu ugari ikertzeko geratzen dira, ondo legoke iragan guzti hori ezagutzea. Aktualizatzeko material asko dago. Ea belaunaldi berriek horri heltzen dioten.
Martxoaren 16ko bisita gidaturako prest?
Gogo handia dut bisita gidaturako. Sorpresa bat izango da, baina ez dut gehiegi esan nahi. Orain arte sekula irundarrek ikusi ez duten espazio bat bisitatuko dugu lehenengoz, ederra izango da. Gainera, Parean-eko neskek esan didatenez, ikastetxeetako haurrek omenalditxoa egingo diete emakume hauei. Momentu horietan egindako esfortzuak zerbaitetarako balio duela ikusten duzu. Argi dut hunkitu egingo naizela, eta niri dagokidan zati txikian, oso harro sentituko naizela.
+ Irakurri ‘Irungo emakumeak plazara’ dokumentalaren inguruko erreportajea.