Laugarren Kontenporanea programa motorrak berotzen hasi da
Edizio honetan gazte sortzaileen trukea indartu nahi dute. Horretarako, Irun eta Hendaiako lau gaztez osatutako talde batekin lanean hasi dira Bitamineko kideak.
Dagoeneko 2019ko Kontenporanea programa berotzen hasi dira udaleko kultura saila eta Bitamine Faktoriako kideak. Datorren maiatzaren 17tik 19ra bitarte egingo dute, eta arte garaikidearen inguruko azokara begira, jada hiriko zenbait gazte lanean ari dira.
Laugarren edizio honetan gazte sortzaileen trukea indartu nahi dute, nazioarteko bokazio hori handituz. Horretarako, aurreko urteetan hasitako harreman europarrak baliatuz, Irun eta Hendaiako lau gaztez osatutako talde batekin lanean hasi dira Bitamineko kideak. Miguel Matador (diseinatzaile grafiko irundarra), Maialen Caballero (artista hendaiarra), Haizea Olaizola (irakasle irundarra) eta Julen Sanchez Garcia (diseinatzaile grafiko eta argazkilari irundarra) dira partaide horiek.
Era berean, talde motorrean Europako partaideak bildu nahi dituzte, elkarrizketa, hizkuntza, kultur aniztasuna eta mugak baitira maiatzeko erakusketan islatu nahi dituzten balore edota mezu nagusiak.