Behin-behineko lanpostuen kontratazioa mugatzeko mozioa aurkeztu du SPI-k
Behin-behineko eta konfiantzazko karguen kontratazioan muga jartzea da proposamenaren funtsa, kargu berri horiek zinegotziekin duten ezkontzazko, odolkidetasun eta afinitatea lotura mugatuz.
Si se Puede Irun (SPI) taldeak udalak 2014an onartutako kode etikoa eguneratzeko proposamena egin berri du, dagoeneko erregistratu duten mozio baten bitartez. Asmoa “zinegotzien eta kargudunen konpromisoa hitzez gain ekintzetan ere gauzatzea” dela nabarmendu dute David Soto alkategai eta Miren Echeveste taldeko idazkari nagusiak.
“Irungo udalaren kode etikoaren atarian bertan adierazten denez, azkenaldi honetan gero eta nabariagoa izan da herritarrek jarduera politikoan jarri zuten uste ona higatuz joan dela pixkanaka eta era berean aukako jarrera larri samarra sortu dela haiengan, bereziki arduradun politikoen aurka eta oro har politikaren aurka”, adierazi du Echevestek. “Une zail hauetan”, instituzioek, alderdi politikoek zein ordezkari publikoek “ahaleginak ugaldu” behar dituztela nabarmendu du, politikak gizarte demokratikoa lortzeari begira duen garrantzia nabarmentzeko.
Hala, behin-behineko eta konfiantzazko karguen kontratazioan muga jartzea proposatu dute, kargu berri horiek zinegotziekin duten ezkontzazko, odolkidetasun eta afinitatea lotura mugatuz (anai-arrebak, gurasoak, errainak eta senar-emazteak). Egun, udal gobernuak dituen konfiantzazko karguak “gehiegizkoak” direla nabarmendu dut Sotok, eta gobernuan zein alderdi guztietan aplikatzeko proposamena dela. Hurrengo ostiraleko plenoan bozkatuko dute. Onartu ala ez, kodea betetzea talde bakoitzaren “borondate kontua” izango dela diote, ez dagoela legezko derrigortasunik.