2021ean martxan izango da Arbesko adinekoentzako egoitza berria
2019ko udazkenean obrak hasteko asmoa adierazi dute, zentro berria 2021ean ireki ahal izateko. "Irungo herritarrei emandako hitza bete dugu", nabarmendu dute aldunditik.
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi berri duenez, Irungo Arbes auzoan adinekoentzako egoitza zentro berria eraikitzeko prozedurari ekin diote. 2019ko udazkenean obrak hasteko asmoa adierazi dute, zentro berria 2021ean ireki ahal izateko. “Irungo herritarrei emandako hitza bete dugu”, nabarmendu dute aldunditik. 22 milioi euroko inbertsioa izango du proiektuak.
Egoitza zentro berriak mendekotasun egoeran dauden adinekoentzako 130 plaza izango ditu. Udalak lursaila utziko du, eta haren eskumenekoak izango diren tutoretzapeko 54 apartamentu finantzatzeaz gain (1. graduko mendekotasuna duten adinekoei bideratuak), aniztasun funtzionala duten pertsonentzako 26 plaza ere eskainiko ditu bertan. Era berean, zentro berriak adinekoentzako 30 plaza izango ditu eguneko zentroan.
Markel Olano diputatu nagusiak azaldu duenez, zentroaren lizitazioak 26 urteko ustiapen aldia izango du. Lizitazioa egiteko, jarraipen mistoko batzorde bat sortu zutela diote, Irungo Udaleko eta Gizarte Politikako Departamentuko ordezkariek osatutakoa. Irungo Udalak hitzarmena sinatu ondoren eta foru gobernuak hilaren 13an espedientea hastea onetsi ostean, hilaren 18tik martxoaren 18ra jendaurrean jarriko dute zentroaren obren emakida-kontratuaren bideragarritasun azterlana. Apirilaren 2an aldiz, kontratuaren pleguak onetsi eta argitaratuko direla jakinarazi dute aldunditik, eta uztailaren 12an bukatuko dela eskaintzak aurkezteko epea.