Shanghaitik Lakaxitara, hondarribiarrekin
Alpaca Txinako taldeak eta Horzdun hondarribiarrek kontzertua emango dute bihar arratsean Irungo Lakaxita gunean. Sludge metalaren maitaleen gaualdia da.
Musika kontzertu berezia jasoko du Irungo Lakaxita gaztetxeak asteazkenean (hilaren 13an). 20:00etatik aurrera, Shanghaiko (Txina) Alpaca taldeak eta Hondarribiko Horzdunek saioa egingo dute. Sarrerak daude, hiru euroan.
Alpaca 2016an sortutako taldea da, sludge metal estiloa lantzen duena. Bertako bi kide txinatarrak dira, beste bat Perukoa, eta laugarrena Espainiako Estatukoa. Egun, biran dabiltza. Txinako metal panoraman izen handiko taldea da, underground eszenako harribitxietako bat.
Horzdun hondarribiarrek 2017an hasi zuten bidea. Sludge metalaren eremuan dabiltza ere. Haien Facebook atarian jasota dutenez, stoner/sludge/doom metala nahasten dituen hirukote honen grina olatu bat bezain astuna eta suntsikorra den musika egitea da. “Hitzen tematikaren helburua, berriz, itsasoaren izakerari zein itsasoarekin kontaktuan dagoen orori gurtua adieraztea da”. 2018an plazaratu zuten haien lehen diskoa Eskifai baten urpeko kondairak izenpean.
Bi taldeek hilaren 14an eta 15ean errepikatuko dute elkarrekin, Sopelan (Bizkaia) eta Zumaian hurrenez hurren.
Jaion prestatzen
Bestalde, Lakaxitako kideak 2019ko jaion prestatzen ari dira. Horretarako, batzar irekira deitu dituzte interesdunak: batzarra hilaren 14an (osteguna) da, 19:00etan, Depor tabernaren atarian (Urdanibia plazan dago).