Kolonialismoaren aurkako topaketa, Aman Komunak sarearen eskutik
Afrikako migratzaileei nahiz beraiekin batera elkartasun sareak ehuntzen dituzten herri mugimenduetako kideei zuzendutako topaketa izango da.
Aman Komunak sareak topaketa berezia antolatu du hurrengo astebururako. ‘Afrika askatu, kolonialismoa suntsituz’ izeneko bi jardunaldi egingo dituzte hilaren 23 eta 24an (larunbat eta igandea). Afrikako migratzaileei nahiz beraiekin batera elkartasun sareak ehuntzen dituzten herri mugimenduetako kideei zuzendutako topaketa izango da. Bertan, besteak beste, Afrikako lagunen “ihesaldi masiboa” ulertzen saiatuko dira eta euren kontinentetik ihes egitera bultzatzen dituzten arrazoiak ikusi eta neokolonialismoa nahiz kapitalismoa bezalako gaiak landuko dituzte.
Amankomunak sareak gogorarazi duenez, Afrikak ondasun ugari ditu, diamantea, urrea eta gasa bezalakoak, “Afrika txiroa denaren uste zabaldua bezain ustela dela esatera ausartu gintezke”. Europak bere industria, energia iturriak eta armagintza mantentzeko Afrikako baliabideak behar dituela azaldu du, eta eurenganako kontrolak ezartzeko askotan gerrak bultzatzen dituztela. Era berean, Europak “garai bateko esklaboak ordezkatzen dituzten paperik gabekoak” behar dituela gaineratu du.
Larunbateko saioa gosari eta erakusketarekin hasiko dute (10:00etan, San Juan plazan); 12:00etan kalejira eta ekitaldia izango da eta 17:00etatik aurrera berriz, mahai inguruak, afaria eta kontzertuak antolatu dituzte (Lakaxitan). Igandean, Aman Komunak sareak asanblada egingo du 10:00etan, eta 14:00etan berriz, bazkaria.