Uraren Agentziak ez du beilatokia onartu
Uraren Euskal Agentziak ez du onartu Gabarrari kalean beilatoki bat eraikitzeko asmoa. Abotsanitz eta PSE-EE udal taldeek jakinarazi dutenez, Uraren Agentziak atzera bota du Hondarribiko Udalaren eskaera, eta Inmorekalde 21 SL enpresak ezingo du beilatokia bertan eraiki.
Uraren Agentziaren txosten teknikoaren arabera, proiektuak “itsas eta lur domeinuarekiko babeserako guneetan” eragingo luke, eta Kostaldearen Legearen 25. eta 45. artikuluak ez lituzke beteko. Artikulu horietan azaltzen da zein motako obra edo azpiegiturak onartzen diren Kostaldeko Legeak zaindutako eremuetan. Rekalde 21 korporazioko kide den enpresaren proiektuak planteatzen duena ez dago baimendutako aukeren artean.
Gainera, aurkeztutako eskaeran zehaztapen hutsuneak antzeman ditu Uraren Agentziak, “kanpoko urbanizazio lanak, itxiturak barne” ez direlako behar bezala definitzen.
Erakundeak aintzat hartu ditu herriko hainbat pertsonek eta Abotsanitzek eta PSE-EE-k aurkeztutako helegiteak. Bi alderdiek hilabetetan nabarmendu dutenez, beilatokiaren asmoa Hiri Antolamendurako Plan Orokor berriaren kontrakoa da, Kostaldeko legedia urratzen du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Zerbitzuak adierazitakoari izkin egiten dio.
Bi alderdiek gogor kritikatu dute udal gobernuaren jarduteko era, hiriko proiektu garrantzitsuen inguruko erabakiak “azkar eta presaka”, eta partekatu gabe hartzen dituelako: “Lehenengo lizentzia baimena eman zen —2018ko urtarrilaren 8an—, oposizioko taldeei txosten teknikoa aurkeztu gabe. Ondoren, proiektuaren fitxategiak ez zuen beharrezkoa zen aire zerbitzuen baimena jasotzen eta gero eskatu behar izan zen. Orain jakin dugu Uraren Agentziak egikaritze proiektu baimena ukatu duela Kostaldeko Legeak eta bere araudia betetzen ez dutelako”.