Lagunik onena, eta bat gehiago
Bat Gehiago elkartea sortu dute Hondarribian. Zakurren ongizatea bilatzen du, eta jabeen formazioan jarri nahi du arreta. Bihar aurkeztuko dute udal liburutegian, hezitzaile baten hitzaldia antolatu dute horretarako.
Gizakiaren lagunik onena da zakurra, hor dago beti behar dugunean. Baina askotan ahazten zaigu, era berean, gizakia ere zakurraren laguna dela, edo beharko lukeela, animalia ez dela soilik guk disfrutatzeko, hark ere horretarako eskubidea duela. Arrazoi horrengatik Bat Gehiago Animalien Elkartea sortu berri dute Hondarribian. Zakurren ongizatea helburu, jabeen formazioa sustatu nahi du, sinistuta daudelako bigarrenak ekarriko duela lehenengoa.
Elkartea jaio berria da, aurkeztu ere ez dute egin oraindik. Bihar izango da Bat Gehiagoren lehen agerraldi publikoa, Richard Garcia-Calvo zakur hezitzaile irundarrak 11:00etan liburutegian emango duen hitzaldian. Ivan Bravo elkarteko kideak zehaztu duenez, hezitzailea da irundarra, ez trebatzailea soilik. Ñabardura hori garrantzitsua da berarentzat, elkartearen filosofiaren zutabeetako bat delako: “Zakurren zaintzan bi arlo daude, trebakuntza eta hezkuntza, gu bigarrenaren aldekoak gara. Nola egin zakurrari minik ez egiteko, nola paseatu ondo… lehen hitzaldiak hori bilatuko du”.
Helburua, beraz, jabeak formatzea da, horren bitartez lortzeko zakurren bizitza hobetzea. “Zakurrari irakasteko, jabeari irakatsi behar zaio lehenik”, argi du. Horregatik, biharkoak jarraipena izango du, beste hitzaldi batzuk dituzte buruan, “hilabetero bat gutxi gorabehera, aditu desberdinak ekarri eta formazio jarraitu bat landu”.
Hori horrela, zakurra duten hondarribiar guztiei zuzendu zaie Bravok, bihar goizean liburutegira hurbil daitezen: “Zakurren mundua beste ikuspegi batetik ikusteko balioko du, zakurren ikuspegitik ikusteko, haien bizitza hobetzeko zertan lagundu dezakegun ulertzeko”. Bere ustez, animaliarekiko enpatia adieraztea urrats handi bat izan daiteke haien ongizatea hobetze aldera: “Zakurraren paseoak bere paseoak izan behar dira, ez jabearenak. Gehienetan tiraka goaz, eta presaka, parkera atera pixa eta buelta. Hori da jabeok egiten dugun hanka sartze handiena”.
Oro har, Hondarribia zakurrentzat bizitoki ona dela deritzo, “Irun edota Donostia baino askoz hobea”. Arrazoitu du: “Ez da hiri bat, ez dago hainbesteko usainik, eta leku asko daude, hondartza, parkeak, Guadalupe… hiri handi bat baino naturalagoa da”. Hori bai, horrek ez du esan nahi arazorik sortzen ez denik, “parke batzuetan adibidez”.
Horregatik, gauza batzuk arautu beharko liratekeela uste du, zakurren leku berberak erabiltzen dituzten beste erabiltzaile batzuekin bizikidetza hobetze aldera: “Eta norbaitek esaten badizu ‘zure zakurra libre dago’, zuk esan ahal izatea ‘baina ordutegi honetan ibil naiteke hemen’”.
Bat Gehiago elkartearen xedea sentsibilizazioa den arren, ez du baztertzen aurrera begira udalarekin harremanetan jartzeko aukera. Nolanahi ere, ez du gauza handirik eskatzen, akaso zakurrentzako zakarrontzi batzuk bai: “Harresi aldean zakur pila paseatzen dira, eta ia ez dago zakarrontzirik. Hiri osotik ez nituzke jarriko, baina jendea ibiltzen den tokietan bai. Baina hori ezin dugu guk erabaki, agian eskaera bat egin dezakegu, eta udalak erabaki zenbat eta non jarri”.
Biharkoa jabeentzat soilik
Biharko antolatu du Bat Gehiagok lehen ekitaldi publikoa, zakurren heziketan hamar urtetik gorako eskarmentua duen Richard Garcia-Calvoren tailerra. Liburutegiko balio anitzeko aretoan izango da. “Lehenengo hau gaztelaniaz izango da, baina euskarazko hitzaldiak ere antolatuko ditugu”, aurreratu du Bravok.
Besteak beste, zakurrentzako uhal egokiak zeintzuk diren eta zakurrak nola paseatu behar diren azalduko du hezitzaile irundarrak bihar. Hala azaldu du Bat Gehiagoko kideak: “Uhalak ekarriko ditu, uhal txiki baten eta bost metroko uhal baten arteko aldea ikusteko. Uhal horiek pertsonetan probatuko ditugu, eskumuturrean jarrita, ikusteko zakurra nola sentitzen den lepotik eramanda tiraka egiten zaion bakoitzean”. Hori bakarrik ez, orain modan jarri diren pintxodun lepokoak, edota kalanbreak eragiten dituztenak ere ekarriko ditu hezitzaileak. “Lepoko horiek onak ez direla argi ikustea bilatzen da, bakarrik hori kontuan izanda alde handia dagoela erakustea”, gaineratu du.
Eta zehaztu du: “Biharkoa ez da zakurrentzako hitzaldia, jabeentzako baizik, ez dira animaliak ekarri behar”. Hori bai, aurrera begira antolatu nahi dituzten ekintzen artean zakurrentzako jarduerak ere izango direla erantsi du: “Aurrerago gauza batzuk egin nahi ditugu zakurrekin, baina aurretik jabeak jakin behar du zer eta nola egin behar duen, gero zakurrarekin hobeto egoteko”.
Garcia-Calvo zakur hezitzaile irundarraren azalpenak barneratzeaz gain, Bat Gehiago elkartearen helburuak, asmoak eta abar ezagutzeko aukera izango da bihar Hondarribiko Udal Liburutegian. Baita elkartera batzeko ere: “Elkartea irekia da, eta lan egiteko gogoa duen edozein izango da ongietorria”.