Labore Txingudi elkarteak oraindik "asko du emateko"
"Uste dugu elikadura subirautzaren bidean estrategikoa den egitasmo honek baduela asko emateko", adierazi dute. Etorkizuneko bidea zehazteko, batzar orokorra deitu dute.
Labore Txingudik jada bi urteko ibilbidea egin du, elkarteko kideek dioten bezala, “eskualdean tokiko produktu ekologikoa kontsumitu eta ekoiztu ahal izateko sareak ehuntzen”. Eskualdeko herritarren etxeetara elikagai goxo, ekologiko, osasuntsu eta etikoak eramateko alternatiba sortu dutela diote eta orain, etorkizuneko bidea zehazten hasi nahi dute.
Orain arteko bidea eginda, azkenaldian “baldintza berriak sortu direla” diote Labore Txinguditik, eta eskualdean eduki dezakeen potentzialitate guztia oraindik askatzeko dutela. “Uste dugu elikadura subirautzaren bidean estrategikoa den egitasmo honek baduela asko emateko” Horretarako, proposamen ugari landu dituzte azken asteotan, eta guzti horiek batzar orokorrean eztabaidatu eta adosteko asmoa adierazi dute.
Hala, bazkide eta interesdunak deitu dituzte datorren astelehenean (hilak 11) biltzera, BDS Koop egoitzan (Aixin Zolua, 5). 18:00etatik 20:00etara egingo dute batzarra.