Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak 20 urte bete ditu
Kontseilu Orokorraren urteko lankidetza hitzarmenaren berritzea sinatu berri dute Irun, Hondarribia eta Hendaiako alkateek. Gainera, ospakizunerako ere tartea izan dute.
Joan den abenduaren 23an, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak 20 urte bete zituen. Gaur (hilak 6), Kontseilu Orokorraren urteko lankidetza hitzarmenaren berritzea sinatu dute Irungo udaletxean. Bertan, Irungo alkate Jose Antonio Santano, Hondarribiko alkate Txomin Sagarzazu eta Hendaiako alkate Kotte Ecenarro izan dira.
Partzuergoaren eta Bidasoa Bizirik elkartearen arteko kudeaketa hitzarmenaren luzapenaren ebazpena berretsi dute gaurko bilkuran, eta hala, 2019rako aurrekontu orokorren proiektua baliozkotu dute. Era berean, orain arteko ibilbidearen errepasoa egin dute. 1998tik aurrera, hiru hirien artean kirola, turismoa edo kultura bezalako alorretan lankidetza harremanak finkatzeko baliagarria izan dela adierazi dute alkateek, “aurrera pauso nabarmenak” eman dituztela elkarlan horri esker.
Hitzarmenez gain, ospakizunerako tartea ere izan da. 20 urteko ibilbidea ospatzeko, ekitaldi xumea bat egin dute udaletxean. Bertan, Bi aldetakoak taldeak musika saioa eskaini du, eta bertaratutakoek lunch txiki batez gozatzeko aukera izan dute.