Artian igogailu berri bat eraikitzeko proiektua onartu dute
Udaletik diotenez, proiektuak kontuan hartuko du genero ikuspegia, eta segurtasunezko kamara bat jarriko dute bertan.
Irungo Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak Artian igogailu berri bat eraikitzea onartu berri du. Aurtengo aurrekontu partehartzaileetan bozkatuenetako proposamena izan zen. Hala, 499.122,83 euroko aurrekontuarekin ekingo diete obrei.
2007an udalak jarritako metalezko eskailerekin lotuko dute igogailua. Dario de Regoyos kaletik izango du sarbidea eta Pio Barojarekin elkartuko dute. Udaletik diotenez, proiektuak kontuan hartuko du genero ikuspegia , eta segurtasunezko kamara bat jarriko dute bertan. Gainera, goiko Pio Baroja kalea zabaltzeko zenbait lan egingo dituztela jakinarazi dute.
Iñigo de Loyola, San Juan plaza eta Artalekuko igogailuekin batera, hirian eraiki duten laugarrena izango da Artiakoa. Udaletik diotenez, “ariketa garrantzitsua” izango da, eta bizilagunenei abantaila eta onura ugari ekarriko dizkiela nabarmendu dute.