SPI: "Aurrekontuak onartzea ez da udal gobernuaren lehentasunezko gaia"
Bi hilabetetan udal gobernuarekin soilik bi bilera egin dituztela nabarmendu dute, eta aurrekontuak benetan aurrera eramateko "asmo gutxi" duela leporatu diote alkateari.
Si se Puede Irun (SPI) taldeak berriz ere 2019ko aurrekontuen gaia mahai gainean jarri du gaur David Soto eta Miren Echevestek egin duten agerraldian. Bi hilabetetan udal gobernuarekin soilik bi bilera egin dituztela nabarmendu dute, eta aurrekontuak benetan aurrera eramateko “asmo gutxi” duela leporatu diote alkateari.
“Badirudi udal gobernuak ez duela ulertzen 2019rako aurrekontuak ez izatea irundarrentzat zer suposatuko duen, hauek onartzea ez da udal gobernuarentzat lehentasunezko gaia”, adierazi du Sotok. Orain arte aurrekontuak onartzeko benetako pausorik ez ematea salatu du formazio moreak, eta aurrekontu horiek bozkatu zuten herritarrekiko errespetu falta dela. Miren Echeveste: “Badirudi udal gobernuko kideentzat legealdia bukatu dela, ez dute aurrekontuak aurrera eramateko konpromisorik”. Datozen hauteskundeak maiatzean izanik, datorren agintaldirako “hipoteka” izan daitekeela nabarmendu dute. Eta kasu horretan erabilitako logika hori Via Irun (“Via Santano” gisa definitu du Sotok) bezalako proiektuetan ere erabiltzea eskatu dio.
Negoziazioetan “seriotasuna” jartzeko asmoz, Miguel Angel Paez ordezkariari (PSE) dokumentu bat bidali berri diotela jakinarazi du Sotok. Bertan, taldearentzat beharrezkoak diren emendakinak sartu dituzte. Dokumentu horren idatzizko erantzunaz gain, bilera bat hitzartzeko proposamenari erantzuna ematea ere eskatu diote udal gobernuari.
Ondorengoak dira emendakin horiek:
- CBAren bigarren fasearen garapena: 2018ko urriko kreditu-aldaketan dagoeneko aurreikusitako proiektuaren idazkuntzarekin batera, obren hasiera eta hainbat urtetarako partida.
- Plaiaundiko instalazioak Txenpereneara eramatea: proiektuaren idazkuntzarekin eta HAPOren aldaketa puntualarekin batera, hainbat urtetarako partida.
- Lucas de Berroa eraikina zaharberritzeko proiektua larrialdi sozialeko etxebizitzak egiteko, eta obren hasiera 2019an.
- Irungo kultura eta aisia guneei buruzko plan integrala. Oteiza eraikinaren azterlana eguneratzea eta proiektua idaztea. Bai eta urteko pop/rock jaialdia ospatzeko partida 40.000 eurotan handitzea.
- Langabeziaren aurkako talka-plana: emendakinean bildutako zenbatekoekin.
- Saltoki txikien aldeko talka-plana: emendakinean bildutako zenbatekoekin. 150.000 euro mahaian kudeatzeko ekintzetarako (udal-gobernuak diru horren erabilera zehazten duen formula bat aurkeztu dezan, Irun Ekintzan ekimenean galdu ez dadin).
- Memoria Historikoarekin lotutako emendakina: emendakinean bertan jasotzen den moduan –konkurrentziagatiko finantzazio lerro batekin eskualdeko elkarteentzat–.
- Berdintasunera eta sexu-aniztasunera bideratutako partidak oro har handitzeko emendakina.
- Alkatetzako partidak oro har murriztea.
- San Juan Plazako zerbitzu orokorretarako eraikinarekin lotutako inbertsioa ezabatzea.