San Miguel auzoa garatzeko 23 iniziatiba aurkeztu dituzte
San Miguelek jada auzo plana du. 2015-2018 urteen bitartean auzoko beharrak identifikatu dituzte Hiritik at eta auzo elkarteko kideek.
Irungo San Miguelek jada auzo plana du. Tokiko garapena sustatzeko helburua duen Hiritik At kooperatibak gidatu du proiektua, eta Auzo Elkartearen laguntza jaso dute hasieratik. Gaur aurkeztu dute bere osotasunean Auzo Elkarteko lehendakari Maria Jose Barralek eta Iker Eizagirrek (Hiritik At). 2015-2018 urteen bitartean auzoa garatzeko bizilagunen eskaera eta proposamenak bildu dituztela kontatu dute, eta orain, bizilagunei ezagutarazteko una iritsi dela. Gaurko agerraldian adierazi dutenez, orotara, 23 iniziatiba jaso dituzte.
“Bizilagunen beharrak zeintzuk diren identifikatu ditugu, eta horiei erantzuna ematen die planak”, adierazi du Barralek. Auzolanean eraturiko plana izan dela nabarmendu du bestalde Eizagirrek, gertutik ezagutu dituztela errealitate horiek. Biek azaldu duten bezala, ikerketaren lehen atalean auzoa aztertu dute, hirugarren adinekoen beharren, hirigintzaren, auzo ekonomiaren eta genero eta kultur aniztasunaren ikuspegitik. Proiektu horien artean, migrazio eraikin zaharra bizilagunentzako elkargune gisa erabiltzeko berritzea, Renfeko geltokian igogailu bat eraikitzea, Lakaxitako gizarte zentroa egokitzea, etxebizitza publikoari bultzada ematea edota puntu beltzen ezabatzea aurki daitezke.
Planaren azken faseari heltzeko, talde motorrak ibilaldi gidatu bat eskainiko du auzoan zehar, proiektuaren xehetasunak gertutik ezagutzeko. Datorren larunbatean (hilak 9), 11:30ean, Txanaleta plazatik abiatuko dira.
San Migueleko auzo plana osorik ikusi nahi dutenek, Hiritik At-en webgunean eskuragarri dute.