Martxoaren 23an ongietorri berezia egingo diete irundar berriei
Irungo Udalak aurten ere 'Gorosti bat elkarrekin hazteko' programa egingo duela iragarri du. 2018an jaiotako haurrei eta horien familiei zuzendutako iniziatiba da.
Irungo Udaleko Garapen Jasangarriko sailak aurten ere ‘Gorosti bat elkarrekin hazteko’ programa egingo duela iragarri berri du. Irunen 2018an jaiotako haurrei eta horien familiei zuzendutako iniziatiba da; datorren martxoaren 23an ekingo diote hirugarren edizioari.
“Funtsean, formatuaren asmoa da ongietorria egitea irundar berriei, beren familiei gauza polit bat eskainiz” , adierazi du Miguel Angel Paez ordezkariak. Hala, larunbaterako plan berezia antolatu dute. Udaleko arkupeetan gorostiak banatuko dituzte (haur bakoitzeko bat), txandaka eta ondoren, taldeko argazkia aterako dute.
Programan parte hartzeko, izen ematea derrigorrezkoa da. Irungo Udalaren webgunearen bitartez edota 010 telefono zenbakira deituz egin daiteke, hilaren 11tik aurrera.