Irungo museoak Luis Mariano izango du ardatz
Ikust Alaia museoan Irun hiriaren museoa jartzeko asmoa du udal gobernu taldeak. Horri lotuta, Luis Marianorekin harremana duten edukiak jarriko lituzkete.
Ikust Alaia udal liburutegi zenaren eraikina Irun hiriaren museo bihurtu nahi du udal gobernu taldeak. Hiriaren museoa litzatekeena (XIX. mendetik aurrerako edukiak jasoko lituzke, hau da, aduanak hirian jarri zirenetik aurrerakoak), Luis Marianoren aitortzarako izango litzateke aldi berean, bertako edukiak abeslari eta aktore ezagunaren bizitzarekin eta haren ondarearekin lotuko bailituzkete nolabait. Nabarmendu dute gaur aurkeztutakoa “lehen gidoi bat” dela.
Gaur eman dute egitasmoaren berri Juncal Eizagirre Kultura ordezkariak eta Angel Pazos Luis Mariano Lirika Elkartearen zuzendari artistikoak. Udaleko kideak aipatu du urtebete daramatela bai udala, eta bai kanpoko enpresa bat museo horri zein zentzu eman erabaki nahian, hiriko hainbat elkarteren laguntzarekin. Hala, laburtuz, museoak XIX. mendetik hona hiriaren historia jasoko luke, Luis Marianoren bizitzaren zertzeladak hari nagusi izango zirelarik: trenaren etorrera hirira, aduanen sorrera, 1936ko Gerra Irunen, hiriko industria… “gai horiek hiriaren eta pertsonen memoria lehenetsiz landuko lirateke museoan”.
Esana dago Ikust Alaiako museoaren ideia proposamena dela. Hori jada gainontzeko alderdi politikoei helarazi die gobernu taldeak, baita Kultura Batzordean ordezkaritza duten elkarteei ere.
Hiriarekin zerikusi zuzena duten edukiez gain, Luis Marianoren funtsaren zati bat jasoko luke, Lacan familiarekin —artistarekin harreman handia izan zuen sendia da— bere garaian egindako hitzarmena betez. Aldi berean, edukien bizitasunaren alde egin du Eizagirrek, esanaz irundarrek aukera izango dutela hiriaren ikur izan daitekeenean ekarpenak egiteko.