AP-8ko lotune erdiaren obrak, martxan
Gaur hasi dituzte Hego Ingurabidea eta lotune erdiaren proiektuaren lehen lanak. Zehazki, AP-8ko lotune erdiaren eraikuntzari ekin diote.
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, gaur hasi dituzte Hego Ingurabidea eta lotune erdiaren proiektuaren lehen lanak. Zehazki, AP-8ko lotune erdiaren eraikuntzari ekin diote. “Gaurko eta etorkizuneko Irunentzako funtsezkoa den azpiegitura da, irundarren mugikortasuna hobetzeko eta trafiko arazoak leuntzeko”, adierazi du Twitter bidez Markel Olano diputatu nagusiak.
Jose Antonio Santano alkateak “positiboki” baloratu du obren hasiera. “Nahi baino beranduago iritsi den arren, Oinaurren lehen mugimenduak egitea positiboki baloratzen dugu”, adierazi du alkateak. Hego Ingurabidearen lehen fasea onartu zuela gogoratu dute udaletik, eta oraindik lizitazio fasean dagoela. Era berean, obren bigarren faseari heltzeko konpromisoa eskatu dio aldundiari, baita finantzatzekoa ere.