Iñaki Alberdi: «orain dela 25 urtetik zelai berriaren zain gaude»
Txingudi Errugbi taldeko lehendakaria fundaziotik ibili da klubaren eta errugbiaren alde lanean. Orain arteko ibilbidea, egungo egoera eta etorkizunari begira dituzten erronken inguruan aritu da
Nola gogoratzen dituzu lehen entrenamendu eta partidak?
Hondarribiko hondartzan hasi ginen, lagun artean. Orduan, 30 bat lagun elkartu ginen, kuadrilla handi bat. Oraindik gogoan dut lehenengo partidetan sekulako jipoiak ematen zizkigutela [barrez]. Eta gogoan dut ere laugarren edo bosgarren partidan entsegu bat egin genuela, eta Sei Nazioen Txapelketa irabazi bagenu bezala ospatu genuela.
Orain dela 50 urte eskualdean eskubaloia edota futbola izango ziren ziur aski nagusi zelai eta kantxa kiroletan. Bazegoen errugbiarekiko zaletasunik?
Ez, ez zegoen inolako zaletasunik, orain baino askoz ere gutxiago seguru. Egun, gazteak gero eta gehiago animatzen dira errugbian jokatzera, baina oraindik askok ez dakite Irun eta Hondarribian errugbi talde bat dagoenik. Harritzekoa da, baina orain dela bi urte pasadizo kurioso bat bizitu nuen. Errugbia jokatu nahi zuen haur baten amak, Hendaiara eramateko asmoa zuen. Auzoko lagun batekin elkartu ostean, hirian bertan jokatzeko aukera bazegoela ezagutu zuen. Emakume hark ez zekien hirian errugbira jokatzen genuenik. Horregatik errugbia kalera atera behar dugu orain, ea behingoz irundarrei eta hondarribiarrei eskualdean aukera hori badagoela erakusten diegun.
Urte luzez haur eta gaztetxoei zuzendutako eskola egin duzue. Fruituak eman ditu?
Bai, zalantzarik gabe. Beti diot urteak banaka pasatzen direla. 10-12 urte bitarteko haurrak orain gazte ikusten ditugu, baina berehala senior taldean ariko dira. Haur mordoa animatu da azken urteotan errugbia probatzera. Harrobiaren lan hori ikusten da, baina poliki doa, noski. Halere, uste dut, piramide baten basea gero eta zabalagoa izan, orduan eta gehiago mantenduko dela. Guk orain piramidea horrela daukagu, base handi batekin, eta urteak pasa ahala, fruituak ikusten joango gara. Egun, 150 jokalari baino gehiago ditugu klubean, 9 urtetik gorakoak.
Bide horretan, eskualdeko haurrei Eskola Kirolean ere errugbia egiteko aukera ematea lortu duzue.
Garaipen handia izan da hori lortzea. Eskolarteko kirolaren programa hasi zenean, futbola, eskubaloia eta saskibaloia ziren nagusi. Orduan, udalarekin kontaktuan jarri ginen, ea errugbia egiteko aukera ikusten zuten. Urte batzuen ondoren, baiezko erantzuna jaso genuen, onartu egin zuten eskaera. Errugbiaren kultura gutxi dago hemen, orduan guk eramaten ditugu partida guztiak, taldeko kideak gara gidariak.
50 urte ez dira gutxi. Hasieran honaino iritsiko zinetenik pentsatzen zenuten?
Ezta gutxiago ere. Guk uste genuen denbora pasa ahala proiektuak ez zuela jarraituko. Gazteak ginen, orduan 20 urte nituen. Inork ez zuen pentsatzen taldeak 50 urte iraungo zituenik. Beroaldi bat izan zen, udarako sukarraldi horietako bat. Pixkanaka beste gazte batzuek hartu ziguten lekukoa eta konturatu gabe, 50 urte bete ditugu.
Kateako kuartel zaharra, Hernaniko Landare, San Jose Obrero, eta aspalditik Plaiaundi. Noiz izango du Txingudik merezi duen zelaia?
Orain dela 25 urtetik zelai berriaren zain gaude. Gainera, udalak hartu zuen bertatik ateratzeko erabakia. Halere, euren konpromisoa dugu, beste zelai berria egin arte hemendik ez gaituztela botako. Orain non eta nola egingo duten itxaroten gaude. Orain dela 30 urte egindako Plaiaundiko instalazioak jada zaharkiturik daude, eta zerbait konpontzeko eskean joaten garen bakoitzean beti berbera esaten digute: probisionalki gaudenez, ezin dela inolako hobekuntzarik egin. Proiektu asko aurkeztu dituzte ordutik, eta badirudi Txenpereneakoa aurrera doala. PSE kenduta, gainontzeko taldeak ados daude instalazioak han egiteko, ea egia den. Orain hauteskundeak datoz, gaia geldituta dagoela uste dut. Ea hauteskundeen bueltan berriz ere gaiari heltzen dioten. Egia esan, borroka gogorra izaten ari da. Plaiaundiko zelaia gaizki dago, entrenamendu eta partida guztiak bertan egin behar ditugulako, hainbeste jenderekin ezinezkoa da mantentzea. Zelai berriaz gain, ondoan zelai txiki bat eraikitzea, hori da gutxienez eskatzen duguna, errugbia behar bezala praktikatu ahal izateko.
Non uste duzu egongo dela Txingudi Errugbi Taldea hemendik 50 urtetara?
[Barrez] Hori zientzia fikzioa da. Egia da egungo egoera ez dela hasierakoa. Orain elkarte bat dugu, jende asko lanean, beste estruktura handiagoa lortu dugu. Hemendik 50 urtera zer izango den? Ez dakigu. Guk beti bezala jarraituko dugu, gelditu gabe, errugbia eskualdean hedatzen saiatzen. Espero dugu zelai berri batekin egotea ez asko barru. Eta eskolarekin orain arte bezala jarraitzen badugu, dena ondo joango dela pentsatzen dugu.
+ Irakurri 50. urteurrenaren harira HITZAK argitaratu duen erreportajea.