Historia egin dute Bidasoa Atletiko Taldeko emakumeek
Historia egin dute Bidasoa Atletiko Taldeko emakumeek. Espainiako Taldekako Pista Txapelketara sailkatu, eta lan bikaina egin dute gainera.
Historikoa izan da. Bidasoa Atletiko Taldeko (BAT) emakumeek lehen aldiz parte hartu zuten larunbatean Espainiako Pista Estaliko Kluben Arteko Atletismo Txapelketan. Espainiako Estatuko emakumeen zortzi talderik onenen artean izan ziren bidasoarrak; zazpigarren izan ziren, baina proba bakoitzeko puntu bakoitza, ehuneko bakoitza, zentimetro bakoitza borrokatu zuten. Zazpigarren izan ziren 43 punturekin, baina adibidez, bosgarren izan zen Catalunya taldeak 49 puntu lortu zituen, eta Atletico San Sebastianek (seigarrenak) 48. Beraz, historikoa parte hartzea, eta historikoa, zergatik ez, emaitza bera ere. Donostiako belodromoan jokatu zen proba.
Larunbateko lehian hiru onenak, hurrenez hurren, Valencia Sports, FC Barcelona eta Playas de Castellçon izan ziren. Talde oso handiak, barnean hainbat herrialdetako selekzioekin lehian aritzen diren emakume kirolariak dituzten taldeak. Maila oso handiko txapelketa izan zen.
Bakarka, BATeko emakumeek hainbat ohorezko postu lortu zituzten. Adibidez, Teresa Errandonea hesietako 60 metroko probaren garaile izan zen; Malen Ruiz de Azua pertiga jauzian bigarren izan zen (bere marka pertsonala gainditu zuen), eta Tessy Ebosele ere bigarren izan zen jauzi hirukoitzean, 13,29 metroko jauziarekin.
Aratz Rodriguez (1.500 metroko proban), Naroa Furundarena (luzera jauzian). Nerea Sasiain (400 metrotan), Clara Viñaras (3.000 metrotan), Junkal Etxegarai (200 metrotan) eta June Lizaso (altuera jauzia), Libe Agirre (pisu jaurtiketan), Nerea Sarriegi (800 metrotan), eta Ana Gomez (60 metrotan) bikain ibili ziren euren bakarkako probetan, beti zituzten helburuak betez. 4×400 errelebotan Alazne Garrido, Nerea Sasiain, Junkal Etxegarai eta Hiart Ibarguren izan ziren partaide.
BATeko kideek errepiaktu dute oso pozik daudela larunbatak Donostiako belodromoan eman zuenarekin. Nabarmendu dute, aurkeztu zituzten 14 kirolarietatik 12 gipuzkoarrak zirela, eta horietatik 8 BATeko harrobikoak. Eta eskerrak eman dizkiete ikusle izan zituzten zale guzti-guztiei.