Ficobako jarduera dinamizatzeko deia egin du Bidasoko hotelen sektoreak
Ficoba erakustazokan egiten dituzten ekitaldien eta hotelek duten erreserba igoeren artean harremana badagoela baieztatu dute.
Bidasoko hotelen sektoreak, Irungo Hotel eta Pentsioen Elkartearen bitartez (Irunaloja ezinez ezaguna) Ficobako jarduera dinamizatzera animatu ditu erakunde zein enpresak. Kaleratu berri duten oharrean diotenez, Ficoban egiten dituzten ekitaldien eta hotelek duten erreserba igoeren artean harremana badagoela baieztatu dute, eta ondorioz, erakustazokan edonolako ekitaldi eta jarduerak egitera animatu ditu eskualdeko enpresa eta erakundeak.
“Bidasoa eskualdeko hotel jarduerarako beste motor bat bihurtu da Ficoba. Hoteletako erreserba datuek baieztatu egin dute Ficobaren egutegian dagoeneko ohikoak diren hitzorduetan erreserba gehiago egiten direla”. Ekitaldi guzti horiek Gipuzkoa kanpoko erakusketari asko erakartzen dituztela argudiatu dute. Era berean, Ficobatik harago doazen ekitaldiek (Behobia lasterketa edota Tatuajearen inguruko azoka, besteak beste) hotelen jardueran ere eragina izan dutela nabarmendu dute eta jarduera gutxiagoko hilabeteetan okupazio indizeak hobetzeko baliagarria izaten direla.
Horregatik, erakunde eta enpresei Ficobako jarduera dinamizatzen jarraitzeko deia egin diete Irunaloja-tik, “formula bat baita Bidasoa eskualdeko hotelen sektorean eta beste sektore ekonomiko batzuetan eragin handiagoa sortzeko”.