Errugbia Bidasoko kaleetara
Txingudi Errugbi Taldeak 50 urte beteko ditu aurten. Urteurrena behar bezala ospatzeko, egitarau zabala prestatu dute; eskualdean errugbiaren presentzia handitzea izango dute helburu 2019an.
Orain dela 50 urte inguru, eskualdeko kuadrilla batek bere lehen errugbi baloia eskuratu zuen. Hondarribiko hondartzan aritzen ziren kirol berriaren munduan euren lehen pausoak ematen. Horietako gutxik imajinatuko lukete orduan lagun talde txiki horrek izango zuen bilakaera, eta are gutxiago eskualdean erreferente bilakatuko zela. Txingudi Errugbi Taldea da kuadrilla horrek ereindakoaren fruitua, eta aurten jada 50 urte beteko ditu.
Hondartzan jokatzen hasi ziren horietako bat izan zen Iñaki Alberdi, egun klubeko lehendakaria. «25 pezeta jarri genituen, baloi bat erosi eta hondartzara joaten ginen», kontatu du. 1969an kuadrilla izatetik klub ofizial izatera egin zuten jauzia, eta ordutik, Alberdik ez du partida bakar bat ere galdu. «50 urteren ondoren, ospatzeko unea iritsi da». Hala, urteurrena biribiltzeko, 2019a ekitaldi eta jardueraz bete du klubak.
Joan den astelehenean (hilak 28) egitarau osoaren berri eman zuen klubak, Irun eta Hondarribiko udaletako ordezkariekin batera. Bertan azaldu zutenez, ekitaldi guztien helburua bidasoarrek kirola gertutik ezagutzea izango da. «Urtean zehar errugbiak Irun eta Hondarribian presentzia handiagoa izatea nahi dugu», adierazi zuen urte luzez taldean aritutako Judas Arrietak. Horretarako, eta lehenik, bi udalerrietako merkatari eta tabernariekin lanean ari dira, kirolaren aldeko kanpaina berezi bat abiatzeko asmoz. «Azken finean errugbiaz orain arte eskualdean gozatu ez den bezala gozatzeko aukera eman nahi dugu», gehitu du Arrietak.
Urtemuga honetan, nola ez, kirola protagonista nagusia izango da. Txingudiko Beteranoen Errugbi Touch Txapelketa, Zazpiak Bat Emakumeen Errugbi Txapelketa, Nazioarteko Zazpiko Errugbi Txapelketa… «Espainiako selekzioa ere ekarri nahi dugu», gehitu dute taldeko zuzendaritzatik. Gainera, taldearen egun ofiziala egingo dute (Irunen ekainaren 15ean eta Hondarribian irailaren 14an). Eta hori gutxi balitz, errugbi poteoak, kalejirak, bazkariak, haurrentzako jarduerak eta bestelako ekitaldi mordoa prestatzen ari dira.
Armarri eta guzti
50. urteurrenerako ez dute detailerik landu gabe utzi. Itxura aldaketa nabarmena jasan du klubaren irudiak; armarri berria sortu dute, ederra. Datorren sasoian, gainera, elastiko berriarekin irtengo dira jokalariak zelaira.
Etorkizunari begira, Alberdik argi du. Helburua ahalik eta jokalari gehiagori aukera ematea da, eta bereziki egun Hernanin jokatzen duten emakumeen taldea Bidasora ekartzea: «Azken urteotako nire ilusioa, urte amaieran kategoria guztietan taldeak izatea da. Bide horretan gaude, nik uste lortuko dugula».
Ekitaldi guztien informazioa, taldearen webgunean eskuragarri dago.
+Irakurri taldeko lehendakari Iñaki Alberdiri HITZAk egin dion elkarrizketa.