Santi Jimenez, Irungo Ezker Anitza-IUren alkategaia
JImenezen arabera, bere erronka nagusia izango da hiritar orok bere oinarrizko beharrak aseta izango dituen hiria eraikitzea.
Irungo Ezker Anitza-IUren militanteen asanbleak erabaki du Santi Jimenez izango dela maiatzaren 26an egingo diren udal hauteskundeen euren zerrendaburua. Egun, Irungo Ezker Anitza-IUren tokiko asanblearen koordinatzailea da Jimenez. LGTBI kolektiboekin batera lanean ibiltzen da Jimenez, eta aldi berean, Nicolas Gerendiain Errepublikazaleen Elkarteko kide da.
Gaur aurkeztu dute Jimenezen hautagaitza, prentsaurrekoan. Bertan izan da koalizioak Gipuzkoan duen koordinatzailea, Arantza Gonzalez. Azaldu duenez, konpromisoan eta aktibismoan lan egiten du Jimenezek, “eta bere konpromisoaren oinarriak dira errepublikaren balioek diotena, hau da, askatasuna, berdintasuna, eta gizarte justizia”.
Gonzalezek adierazi du Irunerako duten egitasmoaren oinarria izango dela hiritar orok bizitza duinerako eskubidea izatea, “lan duinarekin, eta eskubideekin. Etxebizitza izatera iristea ez dadila izan bizitza osorako hipotekatzeko bidea, eta Irun izan dadila hiri bat emakumeok aske eta beldurrik gabe biziko garenak”. Ideia horietan sakondu egin du Jimenezek: “Gure erronka nagusia da hirian herritar orok bere behar oinarrizkoenak beteta izatea. Herrialdeko langabezia tasarik altuena dugu; gazteen etorkizun beharrei erantzuna eman behar diegu; etxebizitzaren prezio izugarriei aurre egin behar diegu; desagertzen ari den tokiko merkataritza bultzatu behar dugu, eta garraioan eta mugikortasunean eragin behar dugu”.