Donostiako kaldereroetan, Jaizkibel konpainiari aitortza
Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionalaren buru Jaizkibel konpainiako kideak izango dira bihar gauean Alde Zaharrean egingo duten desfilean.
Donostiako Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionala bihar, otsailaren 2an, aterako da eta 19 tribuk osatuko dute. 21:30ean kaldereroen elkarretaratzea egingo dute Fermin Kalbeton kalean, Lasala plazaren ondoan, eta 21:45ean hasiera emango diote desfileari. Bertan, Hondarribiko Jaizkibel konpainiari aitortza egingo diote. IRUTXULOKO HITZAk gaur publikatu duenez, konpartsaren buru Jaizkibel konpainiako kideak izango dira aurten. Erregina Asier Garaialde Etxaburu izango da, eta haren Damak, aldiz, Izaskun Larruskain Arbelaitz eta Miren Sagarzazu Gonzalez. Donostiako Alde Zaharretik ibiliko da konpartsa hori.
Joan den astean egindako aurkezpenean, Maribel Gartzia eta Monika Miranda egon ziren Jaizkibel konpainiaren ordezkari gisa. Gartziak Donostian jai parekideen alde egindako lana goraipatu zuen, eta aitortu zuen «inbidia» sentitzen dutela. Era berean, Gartziak eta Mirandak Donostiako kaldereroetan parte hartuko duten herritarrak Jaizkibel konpainiaren zapia janztera animatu zituzten. Azken urteetan bezala, Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionalak oroitzapenezko txapa bat egin du. Aurtengoan, Jaizkibel konpainiaren irudia agertzen da txapan, keinu horrekin emakumeei omenaldi bat egiteko asmoz.
Aitzpea Leizaolak, Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionalaren izenean, berdintasunaren aldeko aldarrikapena egin zuen. Nabarmendu zuen duela 15 urte izan zirela kaldereroak lehen aldiz mistoak, eta azpimarratu zuen aldarriak praktikara eramatearen garrantzia. Era berean, azaldu zuen aurten ehun urte beteko direla Biktoriano Iraola Begi urdin bat abestiaren konpositorea hil zenetik.
Erro handiko jaia da kaldereroena Gipuzkoako hiriburuan. Ia auzo guztiek dute kaldereroen konpartsa bat, eta aurten, Aiete, Altza, Amara, Antigua, Erdialdea, Egia, Gros, Herrera, Loiola, Martutene eta Parte Zaharreko kaleetan desfilatuko dute. Guztira, 4.414 donostiarrek hartuko dute parte desfileetan, eta horietatik 586 emakumeak izango dira, 616 gizonak, 1.652 neskak eta 1.560 mutilak.