BATeko emakumeak, Espainiako Txapelketan
Atletismoko Errege eta Erreginaren Kopa Donostiako belodromoan lehiatuko dira bihar. Klubak historikotzat jo du lehia, eta zaleak bertaratzera animatu ditu.
Talde gazte baino oso lehiakor batekin parte hartuko du bihar Bidasoa Atletismo Taldeak (BAT) Donostiako belodromoan lehiatuko den Atletismoko Errege eta Erreginaren Kopan. Espainiako Txapelketa da, pista estalikoa, eta BATek emakume taldearekin parte hartuko du lehenengoz historian. Mutilen taldea ez zen sailkatu. 16:00etan hasiko da txapelketa.
Hamalau ordezkari izango ditu lehian BATek, horietatik hamabi gipuzkoarrak eta zortzi harrobikoak, eta parez pare Espainiako Estatuko kategoria goreneko beste zazpi talde. Helburua, klubak adierazi duenez, «ahalik eta posturik onena lortzea, maila goreneko lehia izango dela jakinik». Izan ere, BATek historikotzat du biharko zita: «Guretzat lorpen handia da eta gure atletek lehiaz goza dezaten lortu nahi dugu». Eta atletek soilik ez, baita zaleek ere, «klubaren une historiko bat bizitzeko aukera delako, eta maila goreneko atletismoa ikusteko beta» izango delako.
Teresa Errandonea da BATen ordezkari lehiakorrena, 60 metroko hesi-lasterketan parte hartuko du. Beste hamahiru kirolariek ere lan ona egin nahi dute.